Nazioarteko txostengile garrantzitsuek parte hartuko dute, eta etxeko esperientziak ere ezagutzera emango dituzte Irun Open Innovation foroan.
Irun Open Innovation foroa egingo dute abenduaren 1ean, Ficoban. Enpresen berrikuntza arloa landuko du foro horrek eta hainbat txosten aurkeztuko dituzte. Bertan, nazioarteko txostengile garrantzitsuek parte hartuko dutela aurreratu du udalak. Edonola ere, etxeko esperientziak ezagutzeko aukera izango da.
Hain zuzen, Irungo Udalak antolatu du ekintza hori, eta iazko esperientziak piztutako interesa izan da aurten ere antolatzeko pizgarria, Miguel Angel Paez zinegotziak azaldu duenez. Horrez gain, sektore publiko nahiz pribatuan berrikuntzaren aldeko apustua egiten ari direla gaineratu du.
Hiru mahai ingurutan banatuko dute jardunaldia. Lehenengoan, berrikuntzara irekitako zerbitzu publikoak landuko dituzte; bigarrengoan, gastronomiaz, berrikuntzarako motorra izan daitekeelakoan; eta azkenik, kanpotik edaten duten enpresen kasuak aztertuko ditu. Horrez gain, Irungo enpresa baten esperientzia ezagutzera emango dute, adibidez, Boulevard garagardotegia edo Adimedia informatika zerbitzuak.
Ekitaldi hori enpresaburu, ekonomia sustatzaile eta arduradun publiko, artista, sortzaile nahiz kultur kudeatzaileei zuzenduta dago. Parte hartzeko email bat bidali edo 943 50 53 36 telefono zenbakira deitu behar da. Foroak 09:00etan zabalduko ditu ateak, eta bertan izango dira Jose Antonio Santano alkatea eta Peyuco Duhart Agglomeration Sud Pays Basque-ko presidentea.
Irun Open Innovation