Gabonak baino lehen gatza, azukrea eta tea bidali nahi dituzte Greziara.
Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak logotipoa aurkeztu zuen larunbatean Irunen, Oiasso Museoan egin zen Ahaztutakoen Zubia jardunaldian emandako hitzaldiaren barruan. Urria bukaeran
elkarte gisa eratu zen taldea, eta asteburutik euren ekintzetarako ikurra badute.
Une honetan, errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko elikagaiak biltzen ari dira Hondarribiko boluntarioak, tea eta azukrea, hain zuzen ere. Maite Garciak Oiasso museoan azaldu zuenez, ostiralerako
Hondarribiko Itsaskari Baita antolatzen ari den margo lehiaketan bilduko dituzte: “Gatza, tea eta azukrea eskatu dizkigute. Añanako Gatz haranean tona bat gatz eman digute, eta orain tea eta azukrea behar ditugu.
Nautikoak oso keinu polita izan du gurekin eta ostiraleko margo lehiaketan parte hartzeko, haurrek, tea edo azukrea aurkeztu beharko dute”.
Horrez gain, margo lehiaketako marrazkiak Greziara bidaltzeko ardura hartu du Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak, haur errefuxiatuei banatzeko.
Ostiralean azukrea eta tea bilduko dute boluntarioek Itsaskari Baitan