Aldundiak eta La Caixa Fundazioak baztertzeko arriskuan dauden pertsonak kontratatu ditu, sastrakak kentzeko eta bideak txukuntzeko. Mendiaren bi magaletan ari dira sastrakak kentzen. Ondoren, bideak txukunduko dituzte.
Baztertze arriskuan dauden hamabi lagun basoetako lanak egiten ari dira Jaizkibel mendian eta Pagoetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak eta La Caixa Fundazioak urte hasieran sinatutako elkarlanaren barruan. La Caixa Obra Sozialak 50.000 euro bideratu ditu programa honetara. Aldundiak jakinarazi duenez, “Gipuzkoako natura ingurunea hobetzeaz eta artatzeaz gain, talde baztertuen gizarteratzea ere lehentasun bat da Aldundiak eta La Caixak sinatutako hitzarmen horretan”.
Lanetako bat Jaizkibelen burutzen ari dira. Suebakietako sastrakak kentzen ari dira Jaizkibel mendiko iparraldeko eta hegoaldeko magaletan, suak eragin ditzaketen kalteak mugatzeko, intereseko habitatak hobetzeko eta suak itzaltzera joan daitezkeen langileen segurtasuna handitzeko. Suebakietako lanen ondoren, bideen zabalera hobetu eta txukunduko dute.
Jaizkibel Gipuzkoako natura interes handienetako bat duen mendia da, natura balio handiko natura gune babestu bat da, ekosistema ugari baititu”, gogorarazi du erakunde foralak.
Aiako Pagoetako Natura Parkean, berriz, basoetako lanak egiten ari dira pagoak landatutako eremuetan.
Mendiaren bi magaletan ari dira sastrakak kentzen