Bezeroak fidelizatzeko praktika egokiak aztertuko dituzte. Puntaleko enpresa gunean egingo dute eta hamar lagunentzako tokia dago.
Hondarribiko Udaleko Merkataritza departamentuak herriko ekintzaleei edo herrian negozioa abiatu nahi duten lagunei zuzenduriko ikastaroa antolatu du hurrengo asterako. Hilaren 28an eta 29an eta abenduaren 1ean egingo dute, 09:00etatik 14:00etara. Ikastaroa, enplegua sustatzeko helburua duen Hondarribia Abian programaren barruan kokatzen da.
Orotara, hamar lagunentzako tokia dago eta Puntaleko enpresa hazitegian eskainiko dute. Hamabost orduko ikastaroa izango da eta Infotres komunikazio agentziako kide den Aitor Ubarretxenak emango du, gaztelaniaz.
Maria Serrano Merkataritza zinegotziak jakinarazi duenez, “ikastaroaren xedea bezeroak fidelizatzeko teknika erabilgarriak eta praktika egokiak ezagutaraztea da. Negozio bakoitzaren abiapuntua aztertuko da, eta bezeroaren nahiak aztertuko dira, nahi horiek asetzeko estrategia bat diseinatzeko”.
Hondarribia Abian enplegua sustatzeko planaren barruan kokatzen da ikastaroa