Urteko bosgarren garaipena lortu dute hondarribiarrek, eta hirugarren jarri dira.
Lehen urtea du Ikasbasket taldeak Bigarren Euskal Ligan
Garaipen garrantzitsua lortu du Express Hondarribia Ikasbasket taldeak asteburuan. Getxon irabazi du, atzora arte sailkapenean aurretik zihoan Burdinola taldearen kontra (42-65). Emaitzak argi uzten duenez, defentsa lanean oinarritu du Ikasbasketek garaipena, Bigarren Euskal Ligako zortzigarren jardunaldian puntu gutxien lortutako taldea izan baita getxotarra.
Ligako bosgarren garaipena dute hondarribiarrek. Dagoeneko ahaztuak dituzte bosgarren eta seigarren jardunaldietan jarraian jasotako bi porrotak, eta gora begira jarri dira berriro. Une honetan, hirugarren postuan dago Ikasbasket, Las Bellotas, Burdinola eta Embalajes Blancorekin berdinduta (
sailkapena)
Lidergoan Navarro Villoslada eta Campus Promete daude, sei garaipen eta porrot bakarrarekin, eta Ikasbasketek baino partida bat gutxiago jokatuta —hondarribiarrek oraindik ez dute atseden egunik izan—. Bi talde horien atzetik borroka itzela da, sei talde baitaude garaipen bakar baten aldearekin, horien artean Ikasbasket.
Hurrengo asteburuan aukera ona izango dute Hondarribiko neskek. Etxean jokatuko dute larunbatean, Araba taldearen kontra. Gasteiztarrak sailkapenaren beheko aldean daude eta, hiru partida irabazi dituzten arren, multzoko onenen kontra burua makurtu behar izan dute orain artean.