Garai bateko titiriteroak bezalakoa izan nahi du. Udaberrian hasita eta, autokarabana erosita, udan Holandaraino iritsi da. Baina ezer gabe geratu da orain.
Maitena Illarramendi, ikuskizunaren aurkezpenerako erabiltzen zuen txotxongiloarekin
Noiztik zara txotxongilo zalea?
Txikitatik ezagutu ditut nik txotxongiloak, Enkarni Genua nire amaren lagun-mina delako. Euskal Herriko titiriterorik handiena da Genua, 70 urtetik gora ditu eta segitzen du lanean. Dena egiten du berak, soinua, argiak, interpretazioa, muntaia… Ipuin berriak bidaltzen zizkigun etxera, eta sarrerak, eta bere emanaldiak ikustera joaten ginen.
Eta nola hasi zinen zu?
Nahi gabe hasi nintzen. Nire semeak zazpi urte zituenean beldur handiak zituen lo egiteko, gehiegizkoak, eta ipuina asmatu nuen berarentzat, Gatz titiritorto basatiaren ipuina. Izaki oso berezi batzuk dira titiritortoak, gugandik oso desberdinak, eta haien mundua asmatu nuen. Bera bezalako bat, zazpi urteko bat da protagonista, Gatz izenekoa; beldur handiak ditu, munstroei, iluntasunari, zonbiei, espektroei… Ipuinak, izaki horrek bere amarekin beldur horiek nola bizi dituen kontatzen du.
Ipuina idatzi, eta marrazten hasi nintzen akuarelekin. Dena erdipurdi baina denetarik egiten dut, marraztu, gitarra jo, eskulanak, beti gustatu izan zait asko idaztea, kantak idatzi… Garai hartan lau lagunen artean Arraiozen etxe bat alokatu genuen, Lorea ahizpak eta biok, eta bi lagunek. Laurak elkartu ginen eta esan genuen, ‘goazen forma ematera ipuinari’, eta horrela hasi ginen. Txotxongiloak sortu genituen, kanta asmatu nuen, eta bideoklipa grabatu genuen.
Eta autokarabana erosi zenuen, ikuskizuna herriz herri eramateko. Noiz erabaki zenuen jauzi hori ematea?
Lehengo titiriteroak ibiltariak ziren, hori hemen galdu egin da, eta nik horrekin hasi nahi nuen, autokarabana hartu eta sudur puntan jartzen zitzaidan tokira joan. Udan Holandaraino joan nintzen. Orain liburua gaztelaniaz aterako da eta, ez dakit, igual Andaluziara joango gara, herrietan geratuz…
Autokarabana beti nahi izan dut, asko gustatzen zaidalako bidaiatzea, eta erostea erabaki nuen. Baina ez pentsa autokarabana gehiegi moldatu dudanik. Eszenatokia muntatzeko, toldoa ateratzen dut, oihal bat margotu nuen, eta bateriadun audio ekipoa erosi nuen, independenteago izateko. Bertizen, adibidez, basoan egin genuen ikuskizuna, 200 haurrentzat, ez zegoelako ekipoa entxufatu beharrik.
Bestela, autokarabana etxea bezalakoa zen. Sukaldea zuen, hozkailua, dutxa, ur berogailua, aire egokitua, ohe handi bat kabinaren gainean, eta mahai bat, ohe bihurtzen zena.
Udaberrian hasi zinen Gatz, titiritorto basatia ikuskizunaren emanaldiekin. Zer moduzko harrera izan zenuen?
Oso ona. Aurtengo maiatzean hastea pentsatzen nuen baina Zugarramurdiko Txotxongiloen Topaketarako eskatu zidaten, eta apirilera aurreratu behar izan nuen. Gero, batekin eta bestearekin hitz egiten hasi nintzen, eta deitzen hasi zitzaizkidan. Emanaldi pila bat egin ditut Euskal Herrian, eta kanpoan ere bai.
Kanpoan ere bai?
Bai, asko pentsatu gabe. Donostiako Olatu Talkaren barruan Hey ya, esnatu proiektua egin nuen, arte fusioa. Bi aldiz egin genuen, Viktoria Eugenian bat, eta bestea Eroen Itsasontzian, Pasaian. Eta barkukoen laguna egin nintzen. Iaz alde egin zuten Pasaiatik, Holandara, eta pentsatu nuen, ‘Holandara joango naiz, ea topatzen ditudan’, aurretik ezer lotu gabe. Eta halaxe joan ginen, udan, semea eta biok. Eta bidean gelditzen ginen emanaldiak egiteko, Oleron irlan egon ginen eta Frantzia gurutzatu genuen, Brujasen egon ginen, eta Holandaraino. Holandan bi ikuskizun eman genituen, bat kostalde inguruko herri txiki batean dagoen atrakzio parke batean, eta bestea Amsterdamen, Eroen Itsasontziak eta jatetxe batek antolatu zuten jaialdi handi batean. Oso ondo pasatu genuen.
Eta orain bigarren ikuskizuna prestatzen ari zinen, ez?
Bai, banituen emanaldi batzuk erdi hitz eginda, lotu gabe, eta beste batzuk lotuak. [Arnasa hartu du] Baina dena, kaput.
Zer pentsatu zenuen joan den asteazkenean ikastolatik atera eta autokarabana falta zela ikusi zenuenean?
Shocka izan zen. Asteartean eraman nuen autokarabana ikastola ondora, biharamunean tailerrera eramateko… Asteazken eguerdian, eskolako atsedenean, bila joan nintzen, eta ez zegoen. Dardarka, ertzainei deitu nien, beraiek kendu ote zuten galdetzeko. Esan zidaten beraiek ez zutela mugitu eta udaltzainei galdetu zieten, eta eurek ere ez zutela mugitu esan zidaten ertzainek. Fidel lagunari deitu nion, ezin nuelako gidatu ere egin. Ezin nuen sinistu.
Autokarabana eraman zizuten, eta barruan txotxongiloak.
Dena. Audio ekipoa, bonbo handi bat ia estreinatu gabe, piano berri bat eta niretzat oso berezia zena, Hey ya, esnatu proiektuan parte hartu zutenek oparitu zidatelako. Eta bi bizikleta, horietako bat Holandatik ekarritako zaharkin bat… Lapurtu dizkidaten gauzen zerrenda egiten ari naiz. Balore ekonomikoa duten gauza guztiak desagertu dira, sukaldea, komuna… Gainontzekoa puskatu, eta txotxongiloak nahiko zaurituak atera dira. Baten bat berreskura daiteke, Gatzen burua nahiko ondo dago, burua bakarrik, Sutondo zaurituta dago baina bere gitarratxoa lapurtu diote, hori ere…
Kontatzen duzunez, denetarik zenuen, baita balio sentimentala zuten gauza batzuk ere.
Kezka handia nuen amonaren eskutitzengatik. Oso inportantea izan zen amona niretzat eta New Yorken bizi nintzenean —hiru urtez aritu zen han—, pila bat idazten zidan. Oso bereziak ziren niretzat eskutitz horiek, eta [irribarrea egin zaio aurpegian], atzo agertu ziren [asteartean]. Agertu dira eskutitzak, eta niretzat oso inportantea zen hori. Txotxongiloak berritu edo berregin daitezke, baina eskutitzak ez.
Autokarabana agertu eta hiru egunera aurkitu zituen amonaren eskutitzak
Nola aurkitu zuten autokarabana?
Hori kontatu nahi dut, bai! Ni oso lotsatia naiz, baina proiektuarekin hasi nintzenetik hasia naiz elkarrizketaren bat ematen edo. Baina gustatzen ez zaidan gauza bat badago, gertatzen zaizkidan gauza txarrak kontatzea da, ezkutatzen ditut, niretzat gordetzen ditut. Baina laukotean kontatu nuenean, asteazken arratsaldean, lehenengo orduak oso garrantzitsuak direla esan zuten, eta zabaldu behar zela. Nik ez nuen oso garbi, baina onartu nuen, eta Whatsapp eta Facebook bidez zabaldu genuen. Eta lau haizetara zabaldu zen, milaka aldiz elkarbanatu zuten. Pasada bat izan da, oso polita nola elkarbanatu duten, ezertaz ezagutzen ez nauen jendeak nola egin duen hori. Kate hori oso polita iruditu zitzaidan. Eta gainera, hari esker, kate horri esker, pertsona batek aurkitu zuen. Autokarabana bat toki arraroan zegoela ikusi zuen, begiratu zuen, argazkietan errekonozitu zuen, eta barruan norbait zegoela iruditu zitzaion. Ertzainei deitu zien, baina lapurrak ihes egin zien.
Eta, zer gertatuko da txotxongiloekin?
[Burua altxatuz] Animatuta nago, ezin hobe joan da proiektua, eta lapur batek ez nau ni etzango. Umeek pila bat maite dituzte Gatz eta bere familia, proiektua maite dute, Euskal Herrian bira txiki bat egin dut, eta indar handiagoz egingo dut bigarrena. Hori bai, orain zerotik abiatu behar dut, ez dut autokarabanarik, soinu ekiporik gabe nago…
Galera hori guztia errekuperatu behar dut aurrera egiteko, txotxongiloak berritu behar dira, Beran bizi den emakume batek bere laguntza eskaini dit, eta hiru txotxongilo sortuko ditut, Gatz, Sutondo eta Izar Bele. Horiek berritu eta konponduko ditut, eta horiekin hasiko naiz ipuin-kontaketa lana egiten, ikuskizun handia izan gabe.
Horrekin, galdutako dirua pixkanaka-pixkanaka berreskuratzen joatea espero dut. Ez dakit aseguruak zenbat emango didan, baina ematen ez didatena, ez daukadan dirua izango da, erabat ezer gabe geratu naizelako, balio duten gauza guztiak lapurtu dizkidatelako.
Istorio honek izan du alde positiborik?
Bai, jendearen erantzuna oso polita izan da. Orain galera baino ez da ikusten, hiru egun daramatzat tramiteetan, komisarian, autokarabana garbitzen… Baina gauza on asko aterako dira hemendik. Berriro Gatzekin hasten naizenean, indar berrituta hasiko naiz. [Indarrez] ‘Orain bai!’ esango dut.