Autokarabanatik balio ekonomikoa duen guztia lapurtu diote Maitena Illarramendi titiriteroari, txoxongiloak puskatu, eta ibilgailua suntsitu. Zerotik hasi beharko du, baina egiteko prest dago.
Maitena Illarramendi, autokarabana lapurtu zuen pertsonak puskatutako txotxongiloekin
Bazen behin, lotarakoan beldur izugarriak izaten zituen zazpi urteko ume bat, Xamai izenekoa. Munstroei, zonbiei, mamuei zien beldur eta lotarako ordua amesgaiztoa zen egunero beretzat. Bere amak, Maitena Illarramendi Irungo Txingudi Ikastolako irakasle donostiarrak, ipuin bat asmatu zuen semeari kontatzeko, beldurrak uxatzen laguntzeko:
Gatz, titiritorto basatia.
Ipuinerako, mundu paralelo bat asmatu zuen, titiritorto izakien herrixka, eta Bertizko basoan kokatu zuen. “Garai hartan Arraiozen bizi ginen”, esan du. Gatz da ipuineko protagonista nagusia, lotarako beldurrak dituen zazpi urteko izakia. “Gatzek bi ama ditu”, azaldu du Illarramendik, “eta horietako bat, beldurrak gainditzen laguntzen diona, Sutondo da. Hirugarren protagonista nagusia Izar Bele da, Gatzen birramona, Bertizeko titiritortorik zaharrena, eta herriko chaman-a”.
Ipuinaren gai nagusia beldurra da, gizon ezezagun bat titiritortoen mundura iristen denean bertako biztanleek bizi duten beldurra. Baina beste balore batzuk lantzen ditu zeharka, “Eta batzuk nahi gabe” —zehaztu du—, “zerikusia du ikastolako hezkidetza taldean nagoela, eta balore emozionalean, zeharkako baloreetan, eta abarretan formazioa jasotzen dugula”. Horrela, laguntasuna, ekologia, bazterkeria eta abar lantzen ditu
Gatz, titiritorto basatia kontakizunak.
Irakasleak onartu duenez, asmatutako mundu horrek ez du zertan ideala izan beharrik: “Gauza horiek azaltzen dira, baina ez modu idealean. Adibidez, erreproduzitzeko titiritortoak arra arrarekin eta emea emearekin gurutzatu behar dira. Umeek bi ama edo bi aita dituzte, agian ez da mundu ideala hori, baina gure munduaren kontrakoa da”. Horrekin, haurrek hausnarketa egin behar dutela gaineratu du Illarramendik: “Esaten dute, ‘a, orduan lesbianak dira, edo, ‘orduan gayak dira’. Eta nik ezetz azaltzen diet, ez dela horrela, joera hori dutela hori delako biologikoki erreproduzitzeko modua. Helburua etiketak haustea da”.
Zuritik beltzera erori
Hasierako helburua hori ez bazen ere, Illarramendik ipuina argitaratu zuen, aurtengo udaberrian. Eta harago joan zen irakaslea, ahizparen eta bi lagunen laguntzarekin, txotxongiloak sortu eta ikuskizuna muntatu zuten, “eta autokarabana erosi nuen, Matxeneta, Gatzen ipuina herriz herri antzezteko”. Ia oharkabean, ikuskizun bilakatu zen Gatz, titiritorto basatia, eta Euskal Herriko hainbat herritaraino iritsi zen, baita atzerrira ere, “udan hainbat emanaldi egin genituen Frantzian, Belgikan eta Holandan. Oso polita izan zen, garai bateko titiriteroak bezala bizi izan ginelako semea eta ni”, erantsi du donostiarrak.
Balio zuena lapurtzeaz gain, autokarabana suntsitu diote Illarramendiri
Baina ipuin gehienek badute oso gaiztoa den pertsonai bat, eta Illarramendi ama-semearen bizitzan ere gurutzatu zitzaien bat. Joan den asteazkenean Txingudi ikastolatik gertu dagoen Errotaundi kaletik autokarabana lapurtu zieten, barruan, beste gauza askoren artean, ikuskizunean erabiltzen dituen musika tresnak, txotxongiloak eta atrezzoa zituztelarik.
Albistea sare sozialetan zabaldu zen, eta sutautsa bezala zabaldu. Gutxi izango dira Facebook edo Whatsapp bidez laguntza deia jaso ez zutenak. Facebookean, esaterako, lau mila bider elkarbanatu zuten mezua, eta elkartasun kate horri esker, larunbatean ibilgailua agertu zen, kilometro pare batera, zubi baten azpian, Irunen bertan.
Autokarabana agertu zen, “baina balio ekonomikoa zuten gauza guztiak lapurtu dizkigute, bizikletak, musika tresnak, soinu ekipoa, karabanako sukaldea, komuna… eta autokarabana erabat suntsituta geratu da, egurrak puskatuta, hozkailua bere lekutik aterata… eta txotxongiloak puskatuta…”. Autokarabana azaldu bai, baina astebeteren ondoren, Illarramendik oraindik ez daki ibilgailua errekuperatzerik izango ote duen.
Aurrera begira
Semearen beldurrak uxatzeko asmatu zuen Maitena Illarramendik titiritortoen mundua. Udaberritik aurrera abentura izugarria bizitu zuten Matxeneta autokarabanarekin handik hona bidaiatzen, Xamairentzat propio sorturiko txotxongiloen bidez milaka haurrei erakusten mundua orain dena baino hobea izan daitekeela. Baina gertatutakoa kolpe latza izan da Txingudi ikastolako irakaslearentzat.
‘Gatz, titiritorto basatia’ ikuskizuna, Bertizko basoan
Egun batetik bestera mundua erori zaie gainera, baina aurrera aterako direla uste du Illarramendik: “Jendearen jarrera magikoa izan da. Gauza positibo asko izango dira”. Eta gauza on horietako bat ondoan izan du beti, dagoeneko bederatzi urte bete dituen ume koxkorra: “Momentu batean [aurpegia piztu zaio kontatzerakoan], negarrez ikusi ninduenean, gerturatu zitzaidan eta bizitzan jaso dudan besarkadarik handiena eman zidan. Eta honela esan zidan, ‘ama, ez egon triste, zuk pentsatu ez digula dena lapurtu, kotxea ez digu lapurtu, zure gitarra ez dizu lapurtu, eta asko maite duzu gitarra hori. Pentsatu dauzkagun gauzetan, eta ez lapurtu dizkigunetan'”.
Gizon ezezagun batek hankaz gora utzi zuen Bertizko baso magikoa. Dirua balio zuen guztia eraman zuen berarekin, gainontzekoa suntsitu, eta Gatz, Izar Bele, Sutondo eta gainontzeko titiritortoak zauritu zituen. Baina milaka gizon eta emakume ezezagunei esker, lapurra harrapatu eta Matxeneta berreskuratu zuten Maitane Illarramendik eta haren semeak. Zerotik hasi beharko dute, baina indartsuago aterako dira, hau ez delako titiritortoen ipuinaren amaiera, hasiera baizik.