SOS Arrazakeriaren Bizilagunak programaren barruan, 40 pertsona bildu dira bazkaltzeko. Elikagai bankuaren bilketa handian lagunduko du BATek.
40 lagun elkartu ziren EKT elkartean. Irudian, horietako batzuk
Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) 40 lagunentzako bazkaria prestatu zuen igandean Irungo EKTn, SOS Arrazakeria elkarteak antolatutako Bizilagunak jardueraren barruan. BATek azaldu duenez, “Euskal Herriko eta atzerritik etorritako pertsonak mahai berean esertzea” da Bizilagunak ekimenaren xedea, eta BAT hainbat familia sahararrekin elkartu zen.
Agustin Antxordoki zuzendaritzako kidea arduratu zen sukaldatzeaz eta ekitaldiaren dinamizatzaile bezala Irungo Udaleko Ongizateko ordezkari Sergio Corchonek jardun zuen.
Bidasoa Atletiko Taldeak balorazio ezin positiboagoa egin du igandekoaz: “Giroa oso ona izan zen, eta mahai baten inguruan kultura desberdinetako jendeak topo egiteko balio izan zuen”.
Janari bilketa
Gipuzkoako Elikagaien Bankua urteroko janari bilketa antolatzen ari da. Hilaren 25ean eta 26an egingo dute, eta BATek eta klubeko babeslea den Super Amarak bat egin du kanpainarekin. Hala, bi egun horietan kirolariak eta BATeko bestelako kideak Iparralde etorbideko dendan izango dira, elikagaiak biltzen eta sailkatzen.