Protokoloa martxan jartzean, etxerik ez daukatenei gosaria eta logela eskaintzen diete hotel batean.
Azken astean asko hoztu da giroa, eta horrekin batera, Irungo Udalak hotzaren kontrako zerbitzua martxan jarri du, etxerik ez daukatenei zuzenduta. Horren arabera, lo egiteko toki egokirik ez dutenei logela, edari beroa eta gosaria eskaintzen diete.
Hotzaren protokoloa tenperaturak 8 gradutik jaisten direnean aktibatzen dute, eta horretarako, Euskalmeten iragarpena kontuan hartzen dute. Kasu honetan, joan den astetik dago martxan jarrita Irunen, eta datozen egunetan ere gau hotzak espero dira.
Udaltzaingoak goizean egindako iragarpena hartuko du kontuan protokoloa martxan jartzeko. Edonola ere, nahiz eta iragarpenak ez bete, gauean tenperatura jaitsiko balitz, protokoloa aktibatuko lukete.
Norbaitek zerbitzuaren beharra izango balu, Udaltzaingora jo beharko du lehenik, eta udaltzainek lagunduko diote hotelera. Eskatzaileak 20:30ean hartuko dituzte, eta hotela 10:00etarako utzi beharko dute.
Sergio Corchon eta Lourdes Larraza hotzaren protokoloaren aurkezpenean.