Gerardo Amunarriz eta Claudia Behobide, hondarribiar azkarrenak
Orotara, 147 hondarribiar izan dira aurtengo Behobia, 144 korrikalari eta 3 patinatzaile.
Iaz bezala, Gerardo Amunarriz izan da Behobia-Donostia herri lasterketan denborarik onena egin duen hondarribiarra, ordubete, zazpi minutu eta 47 segundoko marka eginez. Ia bi minututan hobetu zuen atzo iazko iazko marka. Sailkapen nagusian 32. postua lortu zuen Amunarrizek, eta beteranoen artean 4.a izan zen. Gaintxurizketa igo aurretik erasoa jo zuten faboritoek, eta hasierako tropela puskatu zen. Haien atzetik hainbat korrikalari saiatu ziren haien erritmoari eusten, baina lortu gabe. Lehen hogeitabostek oso sakabanatuta igo zuten malda, eta haien atzetik bederatzi kirolariz osaturiko multzoa osatu zen, haien artean Amunarriz. Zertxo bait atzerako Iñigo Tumas zihoan, lagunik gabe ondoan. Tumas izan zen bigarren hondarribiarra —124. sailkapen orokorrean—; Amunarrizek baino lau minutu eta erdi gehiago behar izan zituen Bulebarreko helmugara iristeko (1:12:12), iazko denbora minutu batean onduz. Eta herriko hirugarrena, Kepa Txapartegi sailkatu zen—206.a orotara—, ordubete, hamalau minutu eta bederatzi segundoko denborarekin. Emakumeen sailkapenari dagokionez, Claudia Behobide izan zen hondarribiarrik onena (1:18:20). Nesken artean hamargarrena izan zen Behobide, laugarren emakume beteranoa —553. postua sailkapen nagusian—. Bere atzetik, Amagoia Eizagirre (1:27:15) eta Ainara Olamusu (1:32:10) sartu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren emakume hondarribiarrak aurtengo Behobian. Promesak eta gazteak Promesetan, Eñaut Gonzalez 45. sailkatu zen (1:27:14), eta Ane Legorburu 56. (1:56:56). Gazteen Mailan, Iker de la Linde izan zen hondarribiar onena, kategoriako 33. postuan sartuta (1:29:58); neska gazteetan ez zen hondarribiarrik lehiatu. Patinatzaileei dagokienez, hiru izan dira aurten Behobia-Donostia egin duten hondarribiarrak, Idurre Betelu, Fanfo Alza eta Alberto Maritxalar. Orotara, 147 hondarribiar izan dira aurtengo Behobia, 144 korrikalari eta 3 patinatzaile.