Elbarriez osatzen den Los Rotos antzerki talde irundarraren hastapen gogorrak lantzen dituen dokumentala proiektatuko dute Itsas Etxean.
Vazquez, Couto, Camara eta Berrotaran, aurkezpenean
Felix Martin Camara zuzendari irundarraren
Proyecto Perfectos. Nada que demostrar dokumentala proiektatuko dute ostiral arratsaldean Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, 18:30ean. Gizarte Zerbitzuetako departamentuak antolatu du ekitaldia
BidaOsoa zerbitzuen plataformaren laguntzarekin, eta asteazkenean aurkeztu zuten udaletxean. Bertan izan ziren Arantxa Berrotaran arloko zinegotzia, BidaOsoaneko arduradunak, dokumentaleko zuzendaria, eta filmeko bi protagonista, Los Rotos antzerki taldeko Osmar Vazquez eta Alberto Couto. Azken honek, aktore onenaren saria jaso zuen Madrilgo Fecidiscopi jaialdian: “Ezusteko handia izan zela, eta oso hunkigarria”, esan zuen.
Felix Martin Camara irundarra da dokumentalaren zuzendaria eta gidoigilea.
Gizarte gaiak lantzeagatik da ezaguna Camara, eta Itsas Etxean proiektatuko dutena bide horretatik doa. Elbarri talde batek pelikula bat egin nahi du, eta hori lortzeko dituzten zailtasunak jaso zituen zuzendari irundarrak: “Hunkigarria eta oso gogorra da filma, zailtasun izugarriak dituztelako. Dokumentalean hamahiru elbarri agertzen dira, baina bostek bakarrik bukatu zuten filmazioa. Inklusioaz ari gara, baina baita arteaz ere. Jauzi handia dago, ez da bakarrik elbarriek arteaz gozatzeko aukeraz ari, arteko subjektu izateko eskubideaz ari da dokumentala”, gaineratu du Camarak.
Pelikula hartatik
Los Rotos antzerki taldea sortu zen. Vazquez zuzendari laguntzailea eta aktorea da, eta elbarria ez den kide bakarra, baina elbarriaren paperean sartzen da filman. “Asko ikasi nuen, taldeak asko eman zidan”. Hainbeste eman zion, ezen geratzea erabaki baitzuen. Une honetan, Vazquez eta Couto dira Los Rotos, bidean beste asko geratu direlako. Dagoeneko lau obra estreinatu dituzte, baina Hondarribian ezin izan dute oraindik aritu, eta nahiko luketela adierazi zuten aurkezpenean.
Proiekzioa eta solasaldia
Dokumentala proiektatu eta gero solasaldia egingo dute. Zuzendariarekin eta antzerki taldeko kideekin solasteko aukera izango da. Euren esperientzia ezagutzeko eta galderak egiteko aukera. Eta pantailan ikusitakoa egiazkoa dela konprobotzekoa.
Ostiral arratsaldean Itsas Etxera hurbiltzen dena ez da sartu den bezala aterako. Esperientzia gogorra bizitzeko aukera izango du, hunkigarria, eta ederra. Zailtasunengatik aurrera egiterik ez dutenen istorioa ezagutzeko aukera izango du, baina baita lortzen dutenenena, edo lortzen ari direnena, hobe esanda.