Heroiak, Txalo Produkzioak-ek ekoiztutako komedia taularatuko dute larunbatean Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean. 20:00etan hasiko da emanaldia eta Neguko Jardunaldien barruan kokatzen da. Dagoeneko sarrerak eros daitezke Arma Plazako turismo bulegoan, 6 euroan. Larunbatean, aldiz, Itsas Etxeko leihatilan salduko dituzte, ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenagotik aurrera.
Gerald Sybleyras frantsesaren
Le vent des peupliers antzezlanean oinarrituriko obra da
Heroiak. Sybleyrasen obra estreinatu zuten urtean hainbat izendapen jaso zituen Moliere sarietan. Ingelesezko bertsioak ere sari ugari izan ditu, horien artean komedia onenaren Laurence Olivier saria, 2006an.
Begoña Bilbao da Itsas Etxera iritsiko den euskarazko moldaketaren zuzendaria. Aktore taldeari dagokionez, aurkezpenik behar ez duten hiru aktorek osatzen dute heroi hirukotea: Jose Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre. Agirre berak egin du euskarazko moldaketa, Maribi Arrietaren gaztelaniazko testutik abiatuta.

Kandido Uranga, Joxe Ramon Soroiz eta Ramon Agirre dira ‘Heroiak’
Gerrako hiru beterano
Gerrako beteranoentzako egoitza batean bizi diren hiru soldadu ohi dira antzezlaneko protagonistak. Rene herrena da, Gustavek agorafobia dauka eta Fernandek zorabioak izaten ditu sarri, buruan duen metraila pusketaren erruz…
Osasunez ez daude oso sano, baina buruan gauza bakarra dute, egoitzatik alde egitea. Hori bai, ez dute oso argi nora joan, Indotxinara, ondoko herrira, edo haizeak lizarrak inarrosten dituen tontorrera. Erantzuna, larunbatean, 20:00etatik aurrera, Itsas Etxean.