Urtea amaitu aurretik euskarazko bi antzezlan handi taularatuko dituzte Itsas Etxean, Heroiak eta Francoren bilobari gutuna. HITZAk sarrerak zozkatuko ditu.
Agirre, Soroiz eta Uranga dira ‘Heroiak’
Neguko Jardunaldiak, herri olinpiadak, Gabonetako programazioa… Kultur ekitaldiei dagokionez behintzat, negua beroa etorriko da aurten ere Hondarribira. Areto barrukoen artean, urtea amaitu aurretik bi ekitaldi nabarmentzen dira besteen gainetik, eta bietarako sarrerak zozkatuko ditu Oarso Bidasoko Hitza-k harpidedunen artean.
Biak antzezlanak dira eta, nolabait ere, gerrari lotutakoak, baina elkarren artean oso desberdinak. Hilaren 12rako
Heroiak komedia programatu du udalak Neguko Jardunaldien barruan, eta abenduaren 4rako,
Francoren bilobari gutuna goiburuko obra dramatikoa.
Bihar zortzi Heroiak iritsiko dira Itsas Etxea Auditoriumera, Txalo Produkzioak-en eskutik. Gerald Sybleyras frantsesaren Le vent des peupliers obraren moldaketa da, eta ingelesezko bertsioan komedia onenaren Laurence Oliver saria bereganatu zuen 2006an. Espresuki gerran soldadu aritu direnentzako zahar egoitza batean bizi diren hiru beteranoren istorioa kontatzen du. Hirurek gerra ondorioak pairatzen dituzte eta hirurek asmo bakar bat dute, zahar egoitzatik alde egitea. Euskal eszenako hiru beterano dira Heroiak, Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre. Horrekin, ia dena esanda dago.
Eta abenduaren 4rako, Donostia 2016ri lotutako elkarlan baten txanda izango da:
Francoren bilobari gutuna. Urriaren 31n Luhuson estreinatu berria, zalantzarik gabe zeresana emango duen obra da (
irakurri kritika, BERRIAn). Ximun Fuschek zuzendua, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzia, honakoa da aktore taldea: Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Pako Revueltas eta Erika Olaizola.
Errautsak eta
Hamlet lanen ondoren, Artedramak, Le Petit Théâtre de Pain-ek eta Dejabu Panpin Laborategiak indarrak batu dituzte berriro beste sorkuntza ausart baten inguruan. “Bizirauteko beharrak gaixotuta dagoen komunitate baten hezurren eta gezurren erradiogra?a traumatologiko” gisa aurkeztu dute obra. Franco hilda, haren ondarearen arduradun egingo dute haren biloba, sinbolikoki bada ere.