Hondarribia FEk zaleen berotasuna beharko du kanpoan etxean baino puntu gehiago lortu dituen Ordiziaren kontra.
Neguko ordutegia estreinatuko du bihar Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeak. Bazkalostean jokatuko du Hondartzan, 15:45etik aurrera. Hortaz, aurreko etxeko partidetan baino lehenago bazkaldu beharko dute zaleek, kafea futbol zelaiko tabernan partida hasi aurretik hartu ahal izateko.
Hondarribia eta Ordizia izango dira nor baino nor Ohorezko Mailako bederatzigarren jardunaldian. Azken hiru partidetan bi puntu lortu ostean —Zarautzen galdu, eta Elgoibarren kontra etxean eta derbian berdindu dute—, etxekoek hiru puntuak nahi dituzte, taularen erdialdetik gorantzako jauzia emateko.
Une honetan 10. postuan dago Hondarribia, 10 punturekin. Sailkapenean atzetik dituen talde guztiek baino gol gutxiago jaso dituzte berdeek, baina aurrera begiratzeko erasoan gehiago asmatu beharko lukete.
Aukera ona izan dezakete bihar multzoko hamairugarrena den Ordiziarekin. Hori bai, kontraerasoan ondo jokatzen duen taldea izango dute aurkari, orain arte etxean lortutako golak bikoiztu baino gehiago baititu kanpoan. Horrela, kanpoko lau partidetan bost puntu pilatu ditu Ordizia taldeak. Bolada hori mozten saiatuko da Hondarribia.