Prozesu orokorraren 34 ideia pasatu dira finalera, eta gazteenaren hamabost.
2017rako aurrekontu parte hartzaileen azkeneko fasea zabaldu da gaur. Interneteko bozketa bidez, prozesu orokorretik hautatu diren 34 proposamenen artean aukeratu beharko dute irundarrek. Gazteen aurrekontuei dagokionez, hamabost dira finalera iritsi diren ideiak.
Horiek guztiak aurkezteko saio irekia egin zuten herenegun arratsaldean Ospitale Zaharrean. Atzotik ikus daitezke udalaren webgunean (
www.irun.org).
Horrela, gaurtik hasi eta abenduaren 10era arte aukera daitezke. Aukeratutako proposamenek ezingo dute 1.500.000 euroko muga gainditu. Horietatik 1,3 milioi aurrekontu orokorrei dagozkienak izango dira, eta gainontzeko 200.000 euroak gazteei dagozkienak. Alde handiak daude proposamen batzuen eta besteen kostuen artean.
Internet bitartez botoa emateko Irun Txartela erabil daiteke. Ez dutenek, berriz, Hiritarren Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bulegora jo dezakete.
Proposamen orokorretan botoa eman dezakete hamasei urtetik gorako irundarrek. Gazteen aurrekonturako ideiak hautatzeko adin tartea hamasei eta 30 urte artekoa izango da.
Urriaren 24aren eta 27aren bitartean hautatu zituzten finalera pasa diren ideiak. Lehenago, baina, prozesuaren aurkezpen fasea egin zuten, hiru saiotan. Internet zein bileren bitartez 93 proposamen jaso ziren. Horietako 53 pasatu ziren bigarren fase batera. Gazteen sailean, berriz, 43 ideia jaso zituzten.
Aurrekontu parte hartzaileen aurtengo saio bat.