Azaroaren 13tik abenduaren 3ra egingo dute Papua Ginea Berrian. Espainiako Federazioak astelehenean jakinarazi zuten hautatuen zerrenda.
Mariasun Quiñones, Zubietako instalazioetan
Mariasun Quiñones Realeko atezain hondarribiarrak 20 urtez azpikoen Munduko Futbol Txapelketa jokatuko du heldu den astetik aurrera. Papua Ginea Berrian jokatuko dute azaroaren 13tik abenduaren 3ra, eta Quiñonesek igandean bidaiatuko du harantz, Espainiako Selekzioko gainontzeko kideekin batera.
Maiatzean aritu zen Quiñones Espainiako Selekzioarekin lehen aldiz entrenatzen, munduko txapelketari begira federazioak antolatutako egonaldian. Nonbait, hondarribiarraren lanarekin gustura geratu ziren eta astelehen honetan jakinarazitako zerrendan bere izena ageri zen.
Multzoen fasean Nigeria, Japonia eta Kanadaren kontra jokatuko du Espainiak, eta debuta hilaren 13an izango dute, Kanadaren aurka.
Quiñonesen hutsunea betetzeko, Realak Olatz Santana fitxatu du behin behinekoz. Añorgako atezaina da Santana eta Zubietan entrenatuko da hondarribiarra Papua Ginea Berritik itzuli bitartean. Hondarribiko atezainarekin batera, Realeko beste jokalari bat ariko da 20 urtez azpikoen Espainiako selekzioarekin, Nahikari Garcia.