Etxean geratu da III. Beñat Elzo
Iker Oliveri eta Claudia Behobide igo dira podioko gorenera.
Iker Oliveri eta Claudia Behobide hondarribiarrek irabazi zuten atzo kirol kaian hasi eta bukatuta egin zen Beñat Elzo Mendi Lasterketaren hirugarren ekitaldia. Donibane Lohizun-Hondarribia lasterketan bigarren izan eta bi astera, sasoiko daudela erakutsi dute biek, eta Talaia bidearen lehen metroetatik buruan ihes eginda egin zuten lasterketa. Hirurehun bat korrikalarik zuten izena emanda eta horietatik 269k osatu zuten proba. Gizonetan, Iker Oliveri nagusitu zen bere lehen parte hartzean. Indartsu dago Olivery eta hasieratik erakutsi zuen lehen postua baino ez zuela nahi. Ibai Alba hernaniarra saiatu zen bere erritmoari eusten, baina pixkanaka-pixkanaka hondarribiarraren silueta geroz eta txikiagoa zela ikusi zuen. Horrela, gozatzeko aukera izan zuen Oliverik eta azken metroetan Elzo zenari eskaini zion garaipena; kontuan izan behar da Erlaitz Mendi Elkarteko mugalari taldeko kide zela Elzo, Oliveri den bezala. Oliveriren atzetik Alba sartu zen helmugan (40:43), eta hirugarren tokian bigarren hondarribiarra, Iñigo Tumas (41:45). Hirugarren posturako Carlos Garcia irundarrarekin lehiatu behar izan zen Tumas, eta erorketa bati ere aurre egin behar izan zion. Baina indartsuago bukatu zuen hondarribiarrak eta iazko laugarren postua hobetu zuen, podioan sartuz. Nesketan ere, etxean geratu da III. Beñat Elzo Mendi Lasterketa. Claudia Behobidek lehen parte hartzea zuen Elzoren omenaldian eta gainontzekoekiko nagusitasun handia erakutsi zuen. Bere marka 47:53 izan zen eta bigarrenari, Monica Telletxeari, ia lau minutu atera zizkion (51:48). Hirugarren tokian ere beste irundar bat sailkatu zen, Olatz Zabala (52:28) piraguista, aurten Sellako jaitsiera irabazi berri duena.