Hondarribiko Saindua Udal Gaztelekua mozorrotuko dute bihar. REC filma da Izuaren Etxea ekitaldirako aurten aukeratu duten gaia. eta bisita gidatuak egingo dituzte arratsaldean ausartzen diren 12-18 urteko gazteentzat.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Bartzelona hiriko suhiltzaile talde batek dei bat jaso du gau ilun batean, eraikin bat ikuskatzera joateko eskatuz. Kazetari bat batu zaie, haien lan egiteko moduaz erreportajea egiteko. Eraikinera sartu orduko, ezustekoz beteriko esperientzia ikaragarria bizitzen hasiko dira, baina ezingo dute atzera egin. Hori da dokumental faltsu gisa grabaturiko
REC film ezagunaren abiapuntua. Eta hori da bihar larunbata arratsaldez Hondarribiko Saindua baserrian irudikatuko dutena.
Saindua Udal Gaztelekua laugarrenez izango da Izuaren Etxea. Jarduera pila bat egiten dituzte urtean zehar nerabe eta gazteei begira, baina Domu Santu Egunaren aurretik egiten dutena berezia dela esan du Aitor Irastorza teknikariak: “Ekitaldi potentea da, eta desberdina, gazteekin batera antolatzen dugulako. Beste batzuetan Josune [Navarro, beste teknikaria] eta biok aritzen gara jarduerak antolatzen, baina Izuaren Etxean gazteekin egiten dugu dena, goitik behera beraiekin”.
Beldurra sortzeaz gain, beste helburu bat ere badu biharkoak: Gaztelekuko nagusiek txikientzat prestatutako jarduera da. Navarrok nabarmendu duenez, “asko inplikatzen dira, batez ere neskak. Hamasei urte inguru dituzte eta adin horretan errazagoa da nesken parte hartzea lortzea. Beste jarduera batzuetan mutilek ere parte hartzen dute, baina honetan kosta egiten zaie”.
Izuaren Etxea, behintzat, neska kontua izan da orain arte. 2013an egiten hasi ziren, eta salbuespenak salbuespen, antolakuntzan lagundu duten eta mozorrotu diren guztiak neskak izan dira. “Mutilak alperrak dira, paso egiten dute”, uste du Marina Vazquez gazteak. Beste bost lagunekin ari da Vazquez Izuaren Etxea antolatzen. Gazteena da bera, hamabost urte ditu; gainontzekoek hamasei.
REC filmaren inguruan
Laugarrenez egingo dute bihar Izuaren Etxea. Aurten
REC filma hautatu dute gidoia eta atrezzoa prestatzeko, eta pertsonaiak irudikatzeko. “Gidoia erraza da —aitortu du Laida Garciak—, ahalik eta garrasi gehien egin bisitariak beldurtzeko”. Horrela esanda sinplea dirudi, baina lan handia egiten dute gazteek Izuaren Etxea behar bezala antolatzeko. “Ordu asko dira, baina hilabete bat da”, gehitu du Marina Vazquezek.
Hilean zehar beste jarduera batzuk ere egiten dituzten arren —sukaldaritza tailerrak, eskulanak, abeslari txapelketa, eta abar—, Navarrok nabarmendu du urria Izuaren Etxea prestatzeko hilabetea izaten dela nagusiki. “Lehenengo bilera bat egiten dugu, gaia aukeratu eta zer egingo dugun zehazteko”. Egin beharreko lanak hainbat dira. Batetik, dekorazioa landu behar dute, gazteleku barruan bisitentzako ibilbidea nola egin, gaiari lotutako atrezzoa eta abar. Eta bestetik, beldurrezko makillaje tailerra egiten dute gazteek. Joan den ostiralean burutu zuten, aditu batekin, “baina larunbatean [bihar] guk makilatu beharko dugu gure burua”, zehaztu du Garciak. Batez ere aurpegiak makillatuko dituzte, baina nola egingo duten ez du aurreratu nahi izan.
Duela hiru urte egin zuten lehen aldiz Izuaren Etxea. Zirkua izan zen lehen ekitaldiko gaia, zirku beldurgarria, noski. Hurrengo urteetan, eroetxez eta kanposantuz mozorrotu zuten Saindua baserria, eta aurten, REC lanean oinarritu dira muntaketa gauzatzeko. Joan den larunbatean ikusi zuten filma, gainera, eta pelikulan ageri diren pertsonaiak irudikatuko dituzte biharko bisita gidatuetan. Eukene Bratos sukaldaria izango da, Laida Garcia eta Enara Oianguren polizia-zonbiak, Marina Vazquez eta Itxaro Arrieta eroak, eta Ane Diaz filmeko amona. Gaztelekuko teknikariak laguntzen ariko dira, baina protagonistak gazteak izango dira. Beldurtzeko asmoz mozorrotuko direnak, nahiz beldurtuak izateko prest direnak dira Sainduara hurbilduko direnak. 17:30ean hasiko dira bisitak, bosteko taldeetan, eta 20:00etan itxiko dute izena emateko aukera.
Bihar apartamentu eraikina izango da arratsalde batez Saindua. Ia dena prest dago beldurrezko hitzordurako, baina goizean azken ukituak emateko geratu dira gazteak. Arratsaldean izango da Izuaren Etxea bisitatzeko aukera. 12-18 urteko nerabe guztiek izango dute horretarako aukera. Beste kontu bat da sartzera ausartuko ote diren.