Etxebizitza hutsen erabilera ezagutzeko ikerketa abiatuko du udalak, apartamentu turistikoek alokairuzko etxebizitzen merkatuan eragiten ote duten jakiteko.
Ia ehun dira Airbnb-k Hondarribian eskaintzen dituen etxeak
Apartamentu turistikoen eskaintzan buru den Airbnb enpresak ia 100 etxebizitzako zerrenda osatu du Hondarribian. Azken aldian, Airbnb ezaguna egin da zenbait hiri handietan duen inpaktuaren aurrean hartu diren neurriengatik, baina, pentsa daitekeenaren kontra, bere eragina ez da hiri handietara mugatzen. HITZAk konprobatu duenez, apartamentu turistikoen enpresa azkar zabaldu da Hondarribian.
PSE-EEren ekimenez, Hondarribiko Udalbatzak mozio bat onartu zuen aho batez atzoko plenoan, eta fenomeno honen inpaktua zenbaterainokoa den ezagutzeko ikerketa abiatuko du. Josu Alvarez hautetsi sozialistaren hitzetan, “Gipuzkoak eta, bereziki, Hondarribiak turismo arloan bizi duen boomak, apartamentu turistikoen eskaintza asko zabaltzea ekarri du”.
Alvarez kexu azaldu zen, apartamentu hauek traba izan daitezkeelako hutsik dauden etxebizitzak alokairuen merkatura ateratzeko: “Ez dakigu zenbat diren herrian hutsik dauden etxebizitzak, eta herritarrek zertarako erabiltzen dituzten, eta ez dakigu apartamentu turistiko hauek zein inpaktu duen gure hirian ere, bereziki alokairuzko etxebizitzen eskaintzan”.
Osoko bilkuran, alderdi guztiek konpartitu zuten ordezkari sozialistaren kezka, eta bi puntuko mozioa onartu zuten. Batetik, Ikerketa eskatzea erabaki zuten, bost hilabeteko epean —hasierako proposamena hirukoa zen, baina luzatzea adostu zuten—, Hondarribian zenbat etxebizitza huts dauden eta zein erabilera duten ezagutzeko, eta apartamentu turistikoen fenomenoak alokairuzko etxebizitzen merkatuan duten inpaktua zenbatekoa den zehazteko. Bigarrenik, antzerako ezaugarriak dituzten hirietan gertatzen ari denarekin konparaketa egitea erabaki zuen Udalbatzak, hiriko gune nagusietan erabilera erresidentzaiala lehenezteko, garapen turistikoarekin elkarbizitza bermatuz.
92 leku Hondarribian
Airbnb enpresaren webguneak 300 apartamentu baino gehiago eskaintzen ditu Hondarribian, baina bilaketa zehatzagoa eginez gero, horietatik gehienak herritik kanpo daudela konprobatu daiteke. Hau da, Hondarribia erreklamo bezala eskaintzen dute, baina asko ez daude Hondarribian, inguruetan baizik.
Nolanahi ere, Airbnb-k Hondarribian duen eskaintza oso zabala da. Orotara, 80 apartamentu eta 12 logela eskaintzen ditu, 92 leku guztira. Eskaintzen dituzten zerbitzuei dagokionez, 63 etxek wifia dute, 13k igerilekua eta 82k sukaldea.
Logela bakarrik eskaintzen dutenek, 51 euro eskatzen dute bataz beste egun bakoitzeko. Etxe osoa alokatzen dutenek, aldiz, 110 eurotik gora eguneko. Hala eta guztiz ere, prezioak asko aldatzen dira batetik bestera, batez ere, logela kopuruaren eta eskaintzen diren zerbitzuen arabera.