Donostiara mugitu da aurten Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak antolatzen duen ekitaldia, baina lehen aldiz bi sari nagusiak Hondarribira etorri dira.
San Pedro kaleko Sardara tabernak irabazi du XI. Euskal Herriko Pintxo Txapelketa
Hondarribiko Sardara tabernako Gorka Soutok eta Martin Merinok irabazi dute aurten Donostiako Kursaal Jauregian egin den XI. Euskal Herriko Pintxo Txapelketa.
Barbalada pintxoa prestatu dute aurten Sardarakoek eta epaimahaiaren arabera, hori izan da finalisten artean onena. Atzo izan zen finala eta Souto eta Merino ez ziren izan Hondarribira saririk ekarri zuten bakarrak. Gran Soleko Bixente Muñozek eta Erika Medinak bigarren saria irabazi zuten, eta Danontzateko Gorka Irisarrik berrikuntzaren saria. Lehen aldiz txapelketako bi sari nagusiak herri berera joan dira.
Txapela, Ramon Rotetaren
Pintxo eskultura, Amstel Ororen urrezko orratza, Makroren 500 euroko txekea, diploma eta 3.000 euro. Hori guztia irabazi du Sardarak. Ez da harritzekoa irabazle izan zirela jakin eta gero azaldu zuten poztasuna: “Eskerrak eman besterik ezin du egin, sariagatik eta suposatzen duenagatik, esfortzu handia egiten ari garelako eta talde guztiarentzat poztasun handia delako”.
Bakailaoa da
Barbalada mokadutxoaren osagarri nagusia. Izan ere, hiru textura desberdinetan eginiko bakailaoa erabili zuten Sardarakoek pintxo txapelduna sortzeko: azal kurruskaria, tenperatura txikian lauzatutakoa eta brandada. Lagungarri gisa, hiru saltsa: keztatutako mahonesa bat, baratxuri beltz aliolia, eta piper gorri, lima eta txiledun mermelada bat.
Lehen sariaz gain, Mandragora Estudioak ematen duen Pintxo Estetikoenaren Paradores Saria ere irabazi zuten Soutok eta Merinok. Hala, aurtengo ekitaldia laburbilduko duen
Pintxos 2017 liburuko azaleko irudia Sardarako
Barbalada pintxoaren argazkia izango da.
Hiru sari Hondarribira
Hondarribitik kanpora egin da aurten Euskal Herriko Pintxo Txapelketa, baina Hondarribira etorri dira sari nagusiak, lehenaz gain, bigarrena ere bai. Aurreko ekitaldietan sari gehen pilatutako establezimendua Gran Sol da eta aurten beste sari bat irabazi du Bixente Muñozek, oraingoan Erika Medina alboan zuela.
Laranja-saltsan egindako ahate lingotea aurkeztu dute aurten, eta bigarren sariaren diploma eta 2.000 euro irabazi dituzte. Horrez gain, pintxo herrikoiaren saria ere irabazi zuten.
Eta Hondarribiko beste sariduna Denda kaleko Danontzat Gastrotekako Gorka Irisarri izan zen,
Sardinatraka pintxoa aurkeztuta. Biarritz Kitschek emandako berrikuntzaren saria irabazi du Danontzatek eta pintxoentzako ontziteria pertsonalizatua jasoko du horri esker.
Epaimahaiak finaleraino iritsi ziren hamar lehikideen maila altua nabarmendu zuen, eta denentzat hitz politak izan zituen. Mahaiburu gisa aritu zen Bartzelonako Moments jatetxeko sukaldari Raul Ballamen hitzetan, “aurkeztu diguten guztiaren atzetik dagoen lana eta parte hartzaile guztien miniaturazko sukaldaritzaren garrantzia nabarmendu behar da”.
XI. Euskal Herriko Pintxo Txapelketa. Saritu guztiak
- Lehen Saria: Gorka Souto eta Martin Merino. Sardara (Hondarribia), Barbalada pintxoagatik. Txapela, Ramon Rotetaren Pintxo eskultura, Amstel Ororen urrezko orratza, Makroren 500 euroko txekea, diploma eta 3.000 euro.
- Bigarren Saria, Eusko Jaurlaritza Saria: Bixente Muñoz eta Erika Medina. Gran Sol (Hondarribia), Laranja-saltsan egindako ahate lingotea. Diploma eta 2.000 euro.
- Hirugarren Saria, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala Saria: Koldo eta Iñigo Kortabitarte. Kobika (Durango), Perretxikodun Lumagorri kizkurra pintxoagatik. Diploma eta 1.000 euro.
- Epaimahaiaren Aipamen Berezia: Mikel Fiestras. La Regadera (Gasteiz), Txi-txa-rro pintxoagatik.
- Ardoarekin hoberen uztartzen den pintxoari Coto de Rioja Saria: Roberto Vega, Giroa (Ermua). Giroa saiheskia pintxoagatik.
- Garagardoarekin hoberen uztartzen den pintxoari Amstel Oro Saria: Koldo eta Iñigo Kortabitarte. Kobika (Durango), Perretxikodun Lumagorri kizkurra pintxoagatik.
- Bakailaoarekin egindako pintxo onenaren Giraldo Saria: Hector Cabello. Cafe Oquendo (Donostia), Flysch, itsaso pareko irrista pintxoagatik
Pintxo estetikoenaren Paradores Saria: Gorka Souto eta Martin Merino. Sardara (Hondarribia), Barbalada pintxoagatik.
- Pintxo herrikoiaren Kutxabank Saria: Bixente Muñoz eta Erika Medina. Gran Sol (Hondarribia), Laranja-saltsan egindako ahate lingotea pintxoagatik.
- Berrikuntzaren BiarritzKitsch Gastro Saria: Gorka Irisarri. Danontzat (Hondarribia). Sardinatraka pintxoagatik.
‘Barbalada’, Sardarakoek sortutako pintxoa