Lehen aldiz, bi udaletan ordezkaritza duten alderdi guztiak eseriko dira ostiraleko batzarrean.
Erriondo eta Mitxelena, mankomunitatearen kanpoaldean
Ostiralean ezohiko batzarra egingo dute Irungo Olaberria auzoan Txingudiko Mankomunitateak duen egoitzan. Ezohikoa, ez gaiengatik, parte hartzeagatik baizik. Izan ere, mankomunitateko bi kideak diren herrietako udaletan ordezkaritza duten alderdi guztiak presente izango dira estreinakoz, eta hala izango da aurrerantzean, aukera hori bermatzeko estatutuak aldatu baitituzte. Aspaldiko aldarrikapena gauzatu eta gero, EH Bildu koalizioko Oinatz Mitxelena irundarra eta Lore Erriondo hondarribiarra pozik azaldu dira gaur goizean, ordenantza fiskala onartzeko ostiraleko batzarrean izango duten jarrera azaltzeko deitu duten agerraldian.
Txingudiko Zerbitzuak erakunde publikoaren (Txinzer) hondakinen eta uraren tasak zehaztuko dituzte ostiralean, eta, horrez gain, hurrengo hamar urteetarako inbertsioen plana bozkatuko dute. Ezustekorik ematen ez bada, biak aterako dira aurrera.
Mankomunitateak uraren tasa %2,98 igotzea planteatuko du ostiralean. Mitxelenak azaldu duenez, igoerarako arrazoietako bat ur azpiegituretan egingo diren inbertsioen plana da, eta uraren tasak eta inbertsioak ez lotzeko eskatu du: “Ezin dira tasak igo ordainketa horiek egin ahal izateko. Ordainketa horiek zein amortizazioak urteetan zehar luzatzeko aukera dago”. Gainera, erantsi du planean zehazten diren obra horiek ez dagoela nahitaez hamarkada batean egin beharrik, “urte gehiagoetan egin daitezke”.
Hortaz, uraren tasa igotzeko proposamenaren kontra bozkatuko EH Bilduk ostiraleko batzarrean, eta ezetz esango dio hondakinen tasa igotzeko proposamenari ere. “Hondakin organikoetan izena emanda dutenei %3a igoko zaie tasa, eta ez daudenei %20a”. EH Bilduko ordezkariaren hitzetan, 124 euro inguru ordainduko du izena emanda duenak, eta 173 euro izena eman ez duenak. Batetik, Mitxelenak onartu du “hondakin organikoak birziklatzen dutenen kontrola egin behar dela, baina beste frakzioak birziklatzeagatik ere hobariak egon beharko liratekeela”. Eta salatu du igoera horren atzean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) iaz onarturiko igoera dagoela, “bai errefusean egindako igoera, baina gehienbat organikoan, bikoiztu egin baitzuten tasa”. EH Bilduren ustez, “errauste plantaren eraikitzea da igoera horren arrazoia, eta argi dugu hori ezin dela herritarren poltsikotik atera”.
Guztiak, lehen aldiz
Irunen nahiz Hondarribian osoko bilkuretan estatutuen aldaketa berriak onartuta, bi udaletan ordezkaritza duten alderdi guztiek lekua izango dute aurrerantzean Txingudiko Mankomunitateko batzarretan. Erriondo izango da koalizioko kide hondarribiarra Olaberriako bileretan: “Gogoz gatoz, lanera gatoz, guk ordezkatzen ditugunek gugan jarri duten konfiantzari erantzuteko asmoz, eta hondarribiar eta irundar guztientzat gure ustez onena izan daitekeen hori egiten saiatzera”.
Bi udaletako alderdi guztien parte hartzea, nagusiak ez diren alderdien aspaldiko aldarrikapena da, azken urteotan indarra hartzen joan den eskaera. Ostiralean gauzatuko da aurrenekoz. Estreinako batzar horretan ariko dira bi udaletan ordezkaritza duten PSE-EE, EAJ, EH Bildu eta PP, Irungo Udalean bakarrik dagoen Si Se Puede, eta Hondarribiko Abotsanitz.