Sei orduko indoor bizikleta maratoia egingo dute azaroaren 5ean, helburu solidarioekin. 150 lagun baino gehiago bildu nahi dituzte Artalekun.
Gaur aurkeztu dute bizikleta indoor maratoia.
Juneren Hegoak elkartea laguntzeko asmoz, sei orduko maratoi solidarioa egingo dute azaroaren 5ean Artaleku kiroldegian. Gaur aurkeztu dute ekitaldia, Aitor Alonso Feel Fitness elkarteko ordezkaria, Javier Delgado triatleta eta Pedro Alegre kiroletako zinegotzi-ordezkaria izan dira.
Javier Delgado triatletak hainbat erronka jarri ditu aurten betetzeko, eta azaroaren 5eko indoor bizikleta maratoia horietako bat izango da. 150 pertsona bildu nahi dituzte, hiruna orduko bi txandatan. Denentzako “egingarria” izatea nahi dute, gaitasun fisiko ezberdinak dituztenek parte hartzeko aukera izan dezaten. Gaitasun fisiko handiena dutenek, nahi badute, saio osoa egin dezakete.
Ekitaldiak iraun artean, parte hartzaileek eskuragarri izango dituzte edari isotonikoak, ura, fruituak edo elikagai energetikoak. Horrez gain, atseden hartzeko edo luzaketak egiteko guneak egokituko dituzte. DYAren presentzia egongo da, halaber.
15:00etan hasiko dira parte hartzaileei akreditazioak banatzen, eta ordu laurden beranduago hasiko da ekitaldia bera. Hiru orduko txanda egin nahi duenak hogei euro ordaindu beharko ditu, eta arratsalde osoa pasatu behar duenak, berriz, 35. Bestalde parte hartzeko aukerarik ez dutenek, bost euroko ekarpena egin dezakete Errenteria-Oreretako Juneren Hegoak elkartearen alde. Gaixo dauden haurrei babesa ematen dien elkartea da. Izena emateko zein ekarpena egitek,
Kirol Probak-en webgunean egin beharko da.