Zenbait tamite burutzeko zailtasunak izan dituzte eta irabazi asmorik gabeko elkarte gisa eratu dira.
Katsikaseko sei emakume boluntarioak Itsas Etxean kontakizuna egiten
Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldea elkartea izango da aurrerantzean. Irabazi asmorik gabeko erakundea sortu dute, abian dituzten proiektuak burutu ahal izateko. Boluntarioek argitu dutenez, orain arte Emekiren laguntzarekin funtzionatu dute, baina zenbait tramiteekin (dohaintzak, eta abar) zailtasun legalak izan dituzte, eta elkartea sortzea erabaki dute.
Une honetan, hainbat proiektu dituzte eskuetan. Batetik,
Donostiako Udalak dohaintzan emandako bi kotxeetako baten bidalketa antolatzen ari dira. Urriaren 7an bidali zuten lehenengoa eta azaroaren lehen asterako ari dira bigarrenaren abiatzea prestatzen. Lehenengoarekin Ibai Labaien boluntarioak bidaiatu bazuen, bigarrenarekin beste bi boluntario joango dira, Imanol Garmendia eta Marina Cabezon. Filippiadako kanpalekuan hilabetea emango dute lanean, Katsikasetik bertara zabaldutako proiektuetan, eta Labaienekin batera itzuliko dira abenduan.
Bestetik, beste bidalketa bat ixten ari dira. Tona bat gatza bidaliko dute azaroan eta 1.800 familiei banatuko zaie Katsikasen, Filippiadan eta Grezia mendebaldeko beste lau kanpalekutean. Gesaltza Añanako (Araba) Gatz Harana Fundazioak eman die gatza eta Zamudioko (Bizkaia) Gutierrez Angulo enpresan kilo erdiko bi mila poto lortu dituzte, gatza familiaz-familia banatzeko. Aurretik, hainbat material bidali ditu Greziara Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak, altzariak,
joste makinak, eskola materiala… “Hilabetero zerbait bidaltzen jarraitu nahiko genuke—erantsi dute—, eta elkartea sortzeak lan horiek erraztuko ditu”.
Eta negurako, proiektu handi bat prestatzen ari dira: “Herri osoa inplikatu nahi dugu, merkatariak, ostalariak, artistak… denak”, adierazi dute. Azaroaren 19an errefuxiatuen aldeko jardunaldi bat egingo dute Irungo Oiasso Museoan eta bertan emango dute kanpaina horren berri.