Hondarribian autokarabanak jasotzeko zerbitzudun gune bat ezarri behar dela uste dute.
Autokarabana multzo bat, Biteri pareko eremuan aparkatuta
Autokarabanen erabilera arautzeko proposamena aurkeztuko du Abotsanitz alderdiak ostegun arratsaldean egingo den osoko bilkuran. Besteren artean, urtero autokarabanekin hurbiltzen diren bisitariek inolako zerbitzurik ez dutela salatzeaz gain, aparkatu eta akanpatu artean dauden desberdintasunak argitzea nahi dute.
Aurkeztuko duten mozioan, Hondarribian zerbitzuen sektoreak geroz eta garrantzia gehiago duela nabarmentzen du Abotsanitzek, “eta honek herriaren azpiegiturak bisitatzen gaituen jendera egokitzea eskatzen du, beti ere herriaren idiosinkrazia mantenduz”. Bisitarien kopurua bezala, autokarabanetan hurbiltzen direnak “esponentzialki hazi” direla nabarmentzen dute, baina ibilgailu horiek jasotzeko azpiegiturarik ez dagoelako kexu azaldu dira: “urte osoan zehar jasotzen ditugun ehunka autokarabanak erregulatzeko ez dago udal mailako araudirik, ezta haiei eskaintzeko zerbitzurik ere”.
Horregatik guztiagatik, autokarabanentzako araudia eskatuko du Abotsanitzek osteguneko plenoan. Besteak beste, aparkatzearen eta akanpatzearen arteko desberdintasunk zehaztea eta Hondartzako aparkalekuan gutxieneko zerbitzuak izango lituzkeen gune berezitu bat egokitzea ezinbestekoa dela uste du Abotsanitz alderdiak.