Bazkari solidarioa egingo dute larunbatean eta bildutako dirua Delecion 1p36 Elkarteari emango diote.

Delecion 1p36 Elkarteak jasoko du III. Beñat Elzo lasterketan bilduko duten dirua
Hondarribiko Klink elkarteak bat egin du
III. Beñat Elzo Mendi Lasterketa solidarioarekin eta hurrengo asteko larunbatean bazkaria antolatu dute, dirua biltzeko. Delecion 1p36 gaixotasun arraroa duten haurren alde izango da aurtengo proba eta, aurreko biak bezala, azaroaren 1ean egingo dute, Elzo gaztea hil zen egun berean.
Klink Elkarteak hurrengo larunbatean egingo du bazkaria, azaroaren 5ean, eta bertan bilduko duten dirua Delecion 1p36 Elkarteari emango diote. Bazkarian, gainera, Eunate Turko ume sanjuandarraren gurasoak izango dira. Hain zuzen ere, Eunate haurra da Gipuzkoan delecion 1p36 sindromea diagnostikatua duen ume bakarra.
Bazkarira joan nahi duenak ohiko lekuetan eros ditzake txartelak, Alzaga Urdaitegian, Hondarribiko Batzokian, Kai-Alde gozodendan eta Klinken. Bazkariaren prezioa 20 eurokoa da eta 4 eurokoa haurrentzat. Gainera, bazkarira joaterik ez duenak ere lagundu dezake, Kutxabanken honako kontu korrontean edozein ekarpen eginez: ES05 2095 5039 90 1061338918.