Gaur goizean hil da Larrukert, 82 urte zituela, Irunen. Zinemagilea batez ere, letra larriz idatzi behar da haren izena euskal kulturaren izendegian.
Gaur Taldeko kideak eta Fernando Larrukert, Donostia 2016aren barruan San telmo Museoak antolatutako erakusketan.
Fernando Larrukert argazkilari eta zinegile irundarra hil da gaur, bere herrian, 82 urte zituela. Nestor Basterretxearekin batera
Operacion H eta
Ama Lur egin zituela esatea ja nahikoa da letra handiz zinegile izan zela adierazteko, baina askoz gehiago zor zaio Gaur taldeko kide izan zen irundarrari. Argazkilari, zinema zuzendari, editore eta gidoilari zen Larrukert, eta, hain ezaguna ez den arren, abesbatza zuzendari bezala ospea lortu zuen.
Basterretxearekin Frontera Films Irun ekoiztetxea sortu zuen eta harekin sortu zuten
Ama Lur (1968), euskal kulturari buruzko filma, eta
Pelotari, lau urte lehenago. Ondoren, besteak beste,
Agur Everest (1981) eta
Euskal Herri Musika (1978) sinatu zituen. 1962an Frantziako Kultura Merituaren Urrezko Domina jaso zuen Charles de Gaulleren eskutik.
Musikarekiko zuen zaletasuna aipatzeko modukoa da. Alaiki abesbatza eta Irungo Kamara Abesbatza sortu zituen, eta azken honekin, Abesbatzen Munduko Bigarren saria lortu zuen Lillen (1962) eta, hurrengo urtean, Abesbatzen Zuzendaritzako Espainiako Lehen saria.
Udalaren doluminak
Gaur goizean hil da Fernando Larrukert. Albistea ezagutu bezain pronto, ugariak izan dira haren heriotzagatik samina azaldu zuten pertsona eta erakundeak. Irungo Udalaren izenean, Jose Antonio Santano alkateak “doluminak eta elkartasuna” helarazi die senide, lagun eta adiskide minei, “hirian oso pertsona ezaguna eta azken mendeko euskal kulturako gainerako izen handiekin batera argazkigintzan eta zinemagintzan erreferente zena galdu baitugu”.
Euskal Filmotekak Larrukerti buruzko liburua argitaratuko du aste gutxi barru. Azken ukituak ematen ari zaizkio eta argitaratua ikusi gabe hil da zinegilea. Utzitako ondarea omentzeko balioko du liburuak.