Datozen asteotan onartuen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute; Eskatzaileen kopuruak partzelena gainditzen badu, zozketa egingo dute, bestela zuzenean esleituko dituzte baratzak.
Parkea hainbat partzelatan banatu dute, eskatzaileen adinaren arabera.
Kontent dago Irungo Udala Puinako ekobaratzeen parkearen eskaintzak herritarren artean izan duen harrerarekin. Bi asteko epean ia 200 eskaera jaso ditu udalak. “Sortu berri den proiektu baterako, datua oso positiboa da, eta erakusten du benetan interes handia dagoela hirian horrelako parke batean parte hartzeko”, adierazi du Garapen Iraunkorreko ordezkari Miguel Angel Paezek.
Zehazki, 187 partikularrek egin dute eskaera aukeran dauden 70 partzeletakoren baterako aukera izateko: hemezortzi eskaera 65 urtetik gorako pertsonenak dira; 121 eskaera 36-65 urte artekoena eta 39 eskaera, 18-35 urteen arteko eskatzaileenak. Horrez gain, desgaitasunen bat duten bederatzi pertsonak egin dute eskaera eta baita lau gizarte-entitatek eta ikastetxe batek ere.
Eskatzaileek aurrez ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela konprobatuko du orain udalak eta datozen asteotan onartuen zerrenda argitaratuko du. Ondoren, hala behar den kasuetan baratzen zozketa egingo dute, eta gainontzeko kasuan baratzak zuzenean esleituko dituzte.