Egitasmoa bosgarren aldiz jarri du martxan Bidasoa-Txingudi Partzuergoak. Euskara, frantsesa eta gaztelania landuko dituzte hiru espaziotan.
Gaur aurkeztu dute egitasmoa.
GuGeu egitasmoaren bosgarren ekitaldia jarriko dute martxan, Behe Bidasoko hiru hizkuntza ofizialak praktikan jartzeko helburuarekin. Irun, Hendaia eta Hondarribiko udalen —partzuergoaren bidez— zein Mugi Hadi Mondragon Unibertsitateko ikasleen ekimenez egiten da GuGeu.
Astean bi orduz, modu lasaian, praktikatu ahal izango dira euskara, gaztelera eta frantsesa. Hizkuntzaren ezagutza edo ikasketa osatzeko modua izango da GuGeu, hiru hizkuntzen erabilera sustatuz, eta hiru udalerrietako jarduerak ezagutarazteko.
Hiru espazio
Taldeak hiru espaziotan elkartuko dira. Goizeko taldeak Bidasoa Bizirik-ek Juncal kalean duen egoitzan bilduko dira, Mondragon Unibertsitatean arratsaldeko taldekoak eta Hondarribiko Etxean.
Euskarazko taldeak Irun eta Hondarribiko Mintzalaguna programatik bideratu dira. Beste bi hizkuntzetako taldeak Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak kudeatzen ditu.
Hizkuntzak lantzeko jolas mota ezberdinak egingo dituzte, baita irteerak ere: pintxoak jatera joan, Abbadia gaztelua bisitatu, Sokoako txokolate fabrika ezagutu edo Hendaiako Antzerkiaren Maiatzean antzezlan bat ikusi.
Astelehenetik aurrera eman daiteke izena, hilaren 28ra arte. Hendaiako Gazte Informazio bulegoetatik eta Hondarribiko BAZetik pasa daiteke inskripzioa egitera.
E-posta bidez ere eman daiteke izena. Parte hartzaile bakoitzak 40 euro ordaindu beharko ditu, konpromiso bezala. Lehenengo saioak azaroaren 2an izango dira.
2012ean hasi zen GuGeu egitasmoa, euskarazko talde batekin eta frantseseko bederatzirekin. Azkeneko bi ekitaldietan 110 tokiak bete dira.