Mintzalaguna eta Elkarrizketariak egitasmoak beste urte betez jarriko dituzte martxan. Astelehenean hasiko da izena emateko epea.
Gaur aurkeztu dituzte Mintzalaguna eta Elkarrizketariak egitasmoak.
Euskaraz mintzatzeko laguna lelopean, Mintzalaguna eta Elkarrizketariak egitasmoak martxan jarriko dituzte, beste ikasturte batez. Gaur egin dute egitasmoaren aurkezpena, eta bertan Udal Euskaltegiko, AEK-ko, Herri Jakintzako zuzendariak, Josune Gomez zinegotzia eta David Izaga Normalizaziorako zuzendaria izan dira.
Gogorarazi dutenez, astelehenean hasiko da izena emateko epea, eta hilaren 21era arte egongo da horretarako aukera.
Mintzalagunaren kasuan, bospasei laguneko taldek osatzen dituzte. Horietako bat euskara menperatzen duena da, eta taldea dinamizatzen du. Gainontzekoak, ikasten ari direnak, eta euskara praktikan jartzeko biltzen dira astean behin. Beraiek erabakitako tokian eta orduan biltzen dira, euskaraz aritzeko.
Elkarrizketariak da beste egitasmoa. Euskara maila apalagoa dutenek osatzen dute taldea, eta ikasten hasten diren ia momentu beretik mintzatzeko aukera ematen die. Hamabostean behin elkartzen dira, mintzamen saioak zein euskarazko tailerrak egiteko.
Bi egitasmoetan parte hartzen dutenentzat lagun euskaldunak egiteko aukera ezin hobea da.