Hondarribitik Greziara, orain kotxez
Bi Seat Marbella eramango dituzte Hondarribitik Greziara, Katsikasen eta Filippiadan erabili ditzaten. Donostiako Udalaren dohaintza dira.
Hondarribia-Katsikas boluntario taldeak proiektu berria aurkeztu du gaur goizean. Emekiren egoitzaren ondoan egin dute aurkezpena, Greziako errefuxiatuentzako emakume elkarteak abiatutako arropa bilketaren ondotik jaio baitzen taldea. Maiatzan arropa banatzera joan ziren boluntarioak Katsikaseko kanpalekura eta astebete eman zuten han. Hondarribira bueltan, kanpalekuko bizi badintzak hobetzeko konpromisoarekin itzuli ziren, eta geroztik ez dira gelditu. Altzariak, eskolako materiala, joste makinak, haurrentzako hamakak, ur depositoak… ia denetarik bidali dituzte orain artean. Baina gaur, oso bestelako proiektua aurkeztu dute, oraina arte bidalitakoarekin zerikusia ez duen bidalketa bat egingo dute: bi auto, bi Seat Marbella. Donostiako Udalak eman dizkie dohaintzan eta Greziara bidaliko dituzte, Katsikas eta Filippiada kanpalekuetan erabili ditzaten. Katsikaseko boluntariek hainbat proiektu abiatu dituzte Filippiadan, eta Hondarribitik Greziara bidalitako arroparen zati bat han banatu zen. Maite Garcia boluntario taldeko kideak azaldu duenez, oso proiektu desberdina da hau: “Orain arte materiala bildu, prestatu eta Madrilera bidali izan dugu transporte solidario gisa, kosturik gabe. Madrilen, Olvidados erakundearen trailerrean sartzen zuten eta handik bidaltzen zuten Greziara. Baina autoak ezin dira horrela bidali, eraman behar dira”. Eta hala egingo dute, aste honetan bertan autoetako bat aterako da Hondarribitik eta azaroan bestea. “Boluntarioen bitartez bidaliko ditugu, hiru boluntario lortu ditugu. Autoak eramango dituzte, boluntario lana egiten ariko dira denbora batez, eta hegazkinez itzuliko dira, kotxeak han utzita”. Ibai Labaien, Imanol Garmendia eta Marina Cabezon dira autoak eramango dituzten hiru boluntarioak. Labaien ostiralez aterako da Greziaruntz. Aurrena Bartzelonara, han ferrya hartu Italiaraino, Italia zeharkatu eta, Anconako portuan, beste ferry bat hartu, Greziara. “Igoumenitsako porturaino iritsiko naiz eta handik Katsikasera edo Filippiadara, oraindik ez dakit”, aitortu du Labaienek. Berak bi hilabete emango ditu errefuxiatuekin, eta azaroan joango diren Garmendia eta Cabezon, hilabete batez. “Elkarrekin itzuliko gara, abenduan, hegazkinez”, erantsi du. Elkarteen laguntza Gaurko aurkezpenean Hondarribia-Katsikas boluntario taldeak nabarmendu duenez, boluntarioen gastuak norberak ordainduko ditu, janariak eta alojamendua. “Baina autoekin tramite batzuk egin behar izan ditugu —esan du Marije Zapirainek—, eta bidaia bera garestia izango da, gasolina eta, batez ere, ferriak”. Horregatik, herriko elkarteekin elkartzen ari dira, eta erantzuna bikaina ari da izaten. “Oraindik ez gara guztiekin bildu, baina asmoa dugu. Ahal dutenarekin laguntzeko eskatzen ari gara, eta hasi dira dirua ematen”. Gaurko agerraldian boluntarioek eskerrak eman nahi izan dizkiete “lagundu duten eta lagunduko digutenei, eta dirua ematera etorri zaizkigun pertsonei”. Tramiteekin ere ari zaizkie laguntzen: “Donostiako Udalak bi autoak eman dizkigu eta depositoa beteta eman dizkigu gainera. Elduaien Zerbitzuetan asegurua egin digute, kobratu gabe, eta Irungo IATan ere, zertarako ziren jakin dutenean, ez digute kobratu nahi izan. Giltzen kopiak egin ditugu eta hor ere, Mariñel burdindegian, ez digute ordaintzen utzi. Harrituta gaude, ate joka hasten garen aldiro oso ondo hartzen gaituzte”. Katsikasen besoak zabalik hartu zituzten maiatzan Hondarribitik Greziara bidaiatu zuten zazpi boluntarioak. Ikusteko dago oraingoan nola hartzen dituzten, baina polita izango litzateke hango haurren aurpegiak ikusi ahal izatea, kanpalekuko sarreratik bi Marbellak sartzen ikusten dituztenean. Autoz egingo du abentura berria Hondarribia-Katsikas boluntario taldeak eta HITZAk kontakizuna egingo du, hori bai, oraingoan Hondarribitik mugitu gabe.