Gazteekin egitasmoan izena emateko epea ireki dute
Azarotik maiatzera 12 eta 17 urte arteko nerabeekin astero "bizitzarako trebetasunak" hartzeko saioak egingo dituzte.
Udaleko Gizarte-Ongizate sailak jakinarazi duenez, Gazteekin programa azaroan jarriko da martxan. Izena emateko aukera dago jada, eta hilaren 22ra arte egin daiteke. Sergio Corchon zinegotziak azaldu duenez, Gazteekin proiektua gurasoei laguntzeko taldeekin batera egiten da, nerabeak ardatz direla. “Psikologiaren munduko profesional kualifikatuak biltzen dira haiekin, entzun egiten diete eta laguntza ematen saiatzen dira adin horrekin dituzten erronkei aurre egiteko”, gaineratu du. Munduko Osasun Erakundeak egindako proposamen batean oinarritzen da Gazteekin. Horrela, hamar trebetasun landuko dituzte azarotik maiatzera: autoezagutza, enpatia, komunikazio asertiboa, pertsonen arteko harremanak, erabakiak hartzea, arazo eta gatazkak kudeatzea, pentsamendu sortzailea, pentsamendu kritikoa, emozioak eta sentimenduak kudeatzea, eta tentsioak eta estresa kudeatzea. Parte hartzaileak bi taldetan banatuko dira: 12 eta 14 urte artean dituztenena, bata; eta 15 eta 17 urteen artekoa, bestea. Ostegunero bilduko dira, Martindozenea gaztelekuan. Lehenak 17:30etik 18:45era egongo dira, eta bigarrenak, berriz, 18:45etik 20:00etara. Gazteenek bizitzarako trebetasunen tailerretan hartuko dute parte, hiruhilekotan banatuta. Lehenengoan, emozioak eta sentimenduak kudeatzen ikasiko dute; bigarrenean, arazoak konpontzen; eta hirugarrenean, berriz, komunikazioarekin eta pertsona arteko harremanekin zerikusia dutenak. Zaharrenek, berriz, laguntza taldean hartuko dute parte. Nerabeek esperientziak trukatuko dituzte, eta euren interesen arabera landuko dituzte gaiak, kasu batzuetan. Beste gai batzuk saioak gidatuko dituen taldeak proposatuko ditu. Izena emateko, 010 telefonora deitu beharko da. Udalaren webgunean ere eman daiteke izena,