Ostiralean, gure hezeguneez gozatzeko gida azkarra argitaratuko du HITZAk, papereko edizioan. Eta Interneten, asteko argazki onenak, bidasoa.hitza.eus-en.
Antxeta mokogorria aste honetan Plaiaundin. Burualdea zuritu zaio, eta mokoa gorritu.
Hasiak dira migrazio garaian Txingudi badian geldialdia egiten duten hegaztiak inguratzen. Batzuek dagoeneko utzi gaituzte hegoalderako bidaian, beste batzuk bidean dira, eta beste asko oraindik ez dira haien lurraldeetatik atera ere egin. Bertoko bizilagunak ere ari dira negurako prestatzen. Antxeta mokogorriari, esaterako, burualdea zuritu zaio, uda atzean geratu dela seinale.
Ostiralean migrazio garaian gure hezeguneez gozatzeko gida azkarra argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk papereko edizioan. Bertan, hegazti bakoitza noiz datorren —gutxi gorabehera—, hegaztiak ikusteko eguneko zein ordu diren onenak eta zeintzuk txarrak, eta mareen garrantzia nabarmenduko dugu, kontuan hartzeko beste gauza askoren artean.
Gainera, prismatiko egokiak aukeratzen lagunduko dizugu, eta Plaiaundin zer egin daitekeen eta zer ez argituko. Hau da, migrazioaren zirkura lehen aldiz hurbiltzen denak jakin beharreko guztia azalduko dugu. Eta Interneten, aste honetan ateratako argazki onenak zintzilikatuko ditugu. Datorren astetik aurrera, zuen esku.