Argindarra edota gasa ordaindu ezin dezaketen herritarrei hornidura ez mozteko mekanismoak abiaraziko dituzte bi erakundeek, dagokien azterketen ondoren.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok eta Iberdrolako Juan Aurrecoecheak sinatu dute hitzarmena.
Irungo Udalak eta Iberdrolak hitzarmena sinatu dute gaur goizean, egoera ekonomiko ahulenean dauden irundarrak babesteko asmoz. Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Juan Aurrecoechea Iberdrolako ordezkari komertziala izan dira hitzarmena betetzen.
Horrela, Iberdrolak hornitutako argia edo gasa ordaindu ezin duten irundarrei behar horien horniketa ez etetea suposatuko duela jakinarazi dute. Zerbitzua etenda balute, ahal bezain pronto berrezarriko liekete.
Horrela, kasu bakoitzeko, mekanismo bat jarriko dute martxan —gizarte zerbitzuei pasa behar zaie abisua—, eta balorazio tekniko baten ondoren, laguntza ekonomikoa jasoko dutela iragarri dute.
Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galanen arabera, antzeko hitzarmen asko sinatzen ari dira, “Iberdrolaren bezero guztiak babeste aldera”. Santanok, bere aldetik, esan du hitzarmen horrekin argindar edo gas hornidura bermatu nahi dutela, eta ordainketei aurre egin ezin dietenei, udalaren gizarte zerbitzuak erabiltzea, diru partida jasotzeko.
Hitzarmenak urte bukaerara iraungo du, eta adierazi dutenez, “modu tazituan berrituko da urtero”. Horrez gain, energia konpainiak hitz eman du energia efizientziari buruzko aholkularitza emango dutela, baita beste hainbat alorri dagozkionak ere.