Bilera merienda egingo dute gaur Hondarribiko IV. Herri Olinpiaden proben zerrenda ixteko eta taldeek izena emateko.
Talderik ez dutenek beste taldeetan izena emateko aukera izango dute gaur
Ez duzula talderik herri olinpiadetan izena emateko? Lagunak ez direla animatzen? Motel hutsak direla? Lasai, ez duzu kuadrillaz aldatu behar, animatu beste batzuekin parte hartzen eta eskatu lagunei, behintzat, proben egunetan zu animatzera joateko.
Gaur da aro berriko Hondarribiko IV. Herri Olinpiadetan izena emateko eguna. Arratsaldeko seiak eta erdietan bilera egingo dute Gazte Xaian antolakuntzan sakontzeko, eta taldeen zerrenda osatzeko. Baina antolatzaileek deia luzatu diete talderik osatzea lortu ez dutenei: “Ez gelditu parte hartzeko gogoarekin, nahiz eta taldean apuntatu nahi duen bakarra izan, bilerara etorri. Talde asko daude jende berria hartzeko irrikan!”.
Aurreko ostiralean egin zuten lehen bilera eta neguko olinpiadetako probak zehazten hasi ziren. Gaur itxi nahi dute proben zerrenda eta, hortaz, azken aukera izango da probak proposatzeko.
Bilera luze samarra espero da eta, horregatik, meriendatzeko zerbait eramateko eskatu diete gazteei, “edaria olinpiaden kontura”.