Jakinarazi du jaien aurretik ordutegiak zabaltzeko eskatu ziotela udalari, "edo erabakia ongi azaltzeko". Herri ekimeneko ekitaldiak eta langileen jarduna txalotu ditu Abotsanitz alderdiak.
Gazteek protesta ekitaldia burutu zuten ordutegien kontra
Abotsanitz alderdiak jaien balorazioa egin du. Festetan herrira jendetza hurbildu zela goraipatu du eta udaletxean eginiko omenaldiak eta, bereziki, herri ekimez antolaturiko ekitaldien arrakasta txalotu du. Nolanahi ere, ezker abertzaleko taldeak salaketa egin du, gobernuak agindutako ordutegiengatik eta horren aurrean pizturiko protesten aurrean izandako jarreragatik.
Aurtengo jaietan izan diren “ezadostasun eta erreklamazioak” nabarmendu ditu Abotsanitzek: “Ostalari eta jendartearengan haserrea piztu zuen udalak jaietarako aurrikusitako tabernen ordutegiak, eta honek hainbat mobilizazio ekarri ditu herrian”. Jaien aurretik udal gobernuari “jaietan tabernentzako legeak baimentzen duen ahalik eta ordutegi zabalena onartzea” proposatu ziotela jakinarazi dute, eta onartu ezean, “hartutako erabakia ongi azaltzeko” eskatu ziotela gobernuari. Zentzu horretan, “lehen alkateordeak ordutegien gaiak sorturiko liskarren erantzule Abotsanitzeko zinegotzi bat publikoki jo izana” salatu dute eta argitu dute Abotsanitzek ez duela “inongo eraginik eduki,
udal gobernuak hartutako erabaki baten ondorioz sortutako herri mugimenduan“.
Bestetik, programazioan parte hartzerik ez dutelako kexu azaldu da oposizioko lehen taldea: “Kultur teknikariarekin egindako lanketa udal gobernuak jaien bezperan aurkeztu egin zigun eta ezin izan genuen programazioaren parte izan”. Halaber, elkarteentzako hamabost eguneko epea “motza” dela uste dute, eta “lanketa lehenago abiatu behar dela” deritzote.
Gainera, hurrengo urteari begira komun publiko gehiago jarzteko eskatu du ezker abertzaleko taldeak: “Abotsanitzek kezkaz hausnartzen du jaietarako aurrikusi diren komun zerbitzu eskasia. Oso komun publiko gutxi izan ditugula kalean bildutako jende kopuru andanak kontutan harturik”. Bereziki, Santiago eta San Pedro kalean komunen falta sumatu dute.
Omenaldi hunkigarriak
Bestela, Mercedes Iridoy eta Lurdes Zubeldiari urrezko intsignia jartzea eta Ion Areitiori udaletxean eginiko harrera “oso hunkigarriak” izan zirela gaineratu du Abotsanitz alderdiak, baina modu berezian nabarmendu ditu “herriko elkarteek antolatutako ekimenak, eta horien artean aipatzen ditu Areitioren omenaldi herrikoia, Josu Zabalari eskainitako erakusketa eta omenaldia, haurren danborrada eta kukaña, besteak beste.
Horiez gain, jaietan lan egin dutenentzako hitz politak izan ditu Abotsanitzek: “Zoriondu nahi ditugu udal langilegoaren lanketa haundia eta herriari zerbitzuen lanak egin dizkioten langile orori ere. Izan ere, beraien lanketarik gabe ezingo baitlirateke jaiak burutu”.
Alarde Egunari buruz, errespetua eskatu du Abotsanitzek, eta “elkar ulertzerako deia” luzatu. “Bizitzeko dauden ikusmolde ezberdinek errespetuz norberaren bizitzea adieraztea gustatuko litzaiguke —adierazi dute—, noizbait elkar ulertze batera heldu ahal izateko”. Zentzu horretan, lanean jarraituko dutela erantsi dute, “ahalik eta alderdi politiko, talde eragile, eta abarrekin lanketa jorratuz”.