Behobia-Azken Portu pasealekua
Bulegoetan uste baino denbora gehiago pasatu behar izan du Irungo Udalak Behobia eta Osinbiribil lotuko dituen oinezko eta bizikletentzako bidearen lehen faseko Espainiako Kosta eta Itsasoko Iraunkortasunerako Zuzendaritza Nagusiaren (Kostak)?baimena lortzeko. URA agentziak baimen hori baieztatzea falta zen, baina azkenean hori ere esku artean dauka, eta beraz, proiektuaren lehen faseak argi berdea dauka.
Cristina Laborda Mugikortasun zinegotziak Hitzari aurreratu dionez, hilabete batean obrak lizitatzea espero dute, eta 2017 urte hasieran-edo hastea kalkulatzen dute. Obrak amaitzeko data zehatza ematea zaila dela esan du Labordak, baina bederatzi hilabete inguru beharko direla pentsatzen du. Lehen faseko lanek 2,2 milioi euroko aurrekontua izango dute. Udalak hartuko du kostua osorik bere gain.
Lehen fase honetan, Behobiako parkea eta Azken Portu (Jose Maria Franco) arteko zatia egingo dute, 550 metro ingurukoa. Horren arabera, sei metroko pasealeku bat egingo dute oinezkoentzat eta txirrindularientzat. Egun dagoen bidea Bidasoa ibairantz luzatzea (2 metro inguru) ekarriko du horrek, baina ibaia ukitu gabe, gainetik, hegan igaroko da luzatuko duten zatia. Denera, bidegorriak 2,25 metro izango ditu, espaloiak 3 metro, eta 0,70 metro geratuko dira lorategiarentzat. Errepidea bera ere zertxobait mugituko dute Artiako etxebizitzen azpian dagoen horma aldera.
Egitasmoak bigarren fase bat izango du, dagoeneko idatzita dagoena, eta pasealeku berria Artiako zubiarekin eta Osinbiribileko bidegorriarekin lotuko ditu. Orain, tramiteak egitea falta dela jakinarazi du Mugikortasun zinegotziak, hala nola, ingurumen baimen berriak lortzea. Zati hori motzagoa izango da (400 metro) eta 850.000 euroko aurrekontua izango du.
2007tik proiektuarekin
Labordak gogorarazi duenez, aspalditik datorren proiektua da pasealekuarena. 2007-08an hasi ziren mamitzen. «Funtsezkoa iruditzen zitzaigun Behobia eta Osinbiribil lotzea, hortik ja, erdialdera, badagoelako bidegorria eta pasealekua», adierazi du Labordak. «Biztanle kopuru handia dago Behobia eta Artia inguruan, Osinbiribil arte (Dunboa-Arbes), eta ibaiaren ondoan dagoen pasealekuan ibiltzen dira. Bi hutsune ikusten genituen, batetik, pasealekua egoera txarrean dagoela, eta bestetik, bidegorririk ez dagoela». Txirrindulariek ez daukate aukera pasealekutik joateko, eta horrenbestez, errepidea erabili behar dute, baina bertan ibiltzeko «eskarmentua» behar dela iritzi dio Labordak, abiadura, hiriko beste zatietan ez bezala, mugatuta ez dagoelako (orduko 70 kilometroko zati batzuk ere baditu) eta kamioiak ere igarotzen direlako. «Beraz, oinarrizko konexio bat falta zitzaigun hirian, eta horretan hasi ginen lanean».
Behobia-Azken Portu pasealekua 1
Proiektu horrek hainbat bertsio izan ditu. Lehenengoan, ibaiaren gainetik igaroko den zatia zabalagoa egiteko asmoa zeukaten, eta gainera, ibaia ukitzea aurreikusten zuten. Azkenean, ordea, ingurumen aldetik eta aurrekontu aldetik posible ez zela ikusita, atzera bota zuten. Horren ondotik, hainbat alternatiba aztertzen egon direla esan du Labordak, eta hainbat ingurumen txosten egin dituztela. Azkenean, ibaia ukitzen ez duen eta ibaiaren gainetik ahalik eta gutxien ateratzen den egitasmo batean lan egin dute.
Baimena lortzeko hainbat ahalegin egin behar izan dituzte. Kontuan izan behar da, eragin eremuak itsasoa eta ibaia hartzen dituela, eta azken hitza Kostak erakundeak bazuen ere, URA agentziaren iritzia ere (Eusko Jaurlaritzarena da) funtsezkoa izan dela erabaki horretan. Hasiera batean, URAk egindako txostenak negatiboak izan dira.
«Kostak esan zigun ezin genuela ibaia ukitu, eta proiektu honetan hori ez da ukitzen. Egia da, hori bai, horrek itsas-lur eremuaren domeinu publikoa okupatzen duela. Baina guk ingurumen eraginaren txostenean frogatu dugu ez diola ibaiari kalte egiten», adierazi du Mugikortasun zinegotziak. Gainera, Bidasoa ibaiaren beste aldean egindako esku hartzearekin alderatu du, eta «zerikusirik» ez duela esan du, hark ibaia ukitzen baitu, eta ibaiaren gainean jarrita dago, «guk ez dugu horrelakorik egingo».
Zentzu horretan, Labordak argi hitz egin du, eta beste aukerarik ez dagoela esan du mugikortasun iraunkorra edo pasealekua nahi baldin badira: «Espaloi zabalago bat nahi badugu ez dago beste alternatibarik, ez dagoelako espazio fisikorik». Gaineratu du ere «onena» litzatekeela etxebizitzarik ezta mendi magalik ez egotea, «baina ez dago horrelakorik».
Ekologistak, kontra
Bidasoaldeko Lagunak plataforma proiektuaren kontra azaldu da hasieratik, itsas-lur eremuaren domeinu publikoari kalte egingo diola iritzita. Irungo Udalak aurkeztu duen azken bertsioaren kontra azaldu da ere, nahiz eta Kostak erakundearen zein URA agentziak, azkenean, begi onez ikusi.
Bidasoaldeko Lagunak-en arabera, ez dute URA agentziak egindako azken txostena ikusteko aukera izan, baina aurretik egin dituen adierazpen guztiak egitasmoaren kontrakoak izan direla gogorarazi du. «URAk dio egungo oinezkoen pasealekua hobetu daitekeela, eta bizikletentzako bidearentzat beste irtenbide bat aurkitu beharko litzatekeela, itsas-lur eremuaren domeinu publikoa behin eta berriro okupatzea ekarriko ez lukeena. Horrek Kosten Legea urratzen duela eta aurrekari negatiboa ekarriko lukeela iritzi dio. Beraz, udalari atzera egiteko eskatzen dio».
Bidasoaldeko Lagunak-ek gogorarazi du dagoeneko itsas-lur eremuaren domeinu publikoa okupatuta dagoela, egungo espaloia eta errepidea bertan daudelako, eta okupazio berri bat ekarriko lukeela egitasmoak.
Plataformaren esanetan, Kostak URAren txostenak hartzen ditu kontuan bere iritzia emateko orduan, baina horiek negatiboak izanda, Madrilen iritzia ere egitasmoaren kontrakoa izan behar luke. Iritzi aldaketa horretan, udalak Madrilera egindako bidaia egon dela uste du Bidasoaldeko Lagunak-ek: «Badirudi, Madrilekin zuzenean negoziatzeak, prozedura saltatuta, Kostak erakundearen iritzia aldaraztea lortu duela».
Gainera, Bidasoaldeko Lagunak-ek bere garaian Kostak erakundeari alegazioak aurkeztu zizkiola esan du, baina ez duela erantzunik jaso. «Erabakiaren berri eman beharko liguke, legearen arabera», gaineratu du. Gertatu denarekin bakarrik Kosten legearen eta Parte Hartzearen legearen arabera, Kostak-en baimena indarrik gabe geratu beharko luke, eta prozedura berriro hasi. Zein baliabide ditugu elkarteek legea betearazten dela bultzatzeko?».
Bidasoaldeko plataformaren arabera, «mugikortasun iraunkorraren alde» daude, «baina ezin dugu onartu argudio hori ingurumen eremuari negatiboki eragiteko aitzakia bezala, alternatibak daudenean». Edonola ere, dagoeneko prozedura guztia itxita dago, eta ez dago alegazio berrientzako aukerarik. Proiektua aurrera doa.
Bidasoa ibaiaren bi aldeak inoiz baino gertuago
Hegobus autobusa, San Juan plazan.
Ikasturtean zehar, Irundik Hendaia (eta alderantziz) joateko aukera bakarra autoa edo topoa hartzea zen. Denbora pasatu dute agintariek autobus bidezko konexio batean lanean, eta azkenean lortu dute martxan jartzea: Hegobus autobus zerbitzuak urte osoan lotuko ditu Irun eta Hendaia. Orain arte, udan bakarrik eskaintzen zuen zerbitzu hori enpresa pribatu batek, baina irailaren 1etik aurrera, bide hori zerbitzu publiko bidez egiteko aukera dute herritarrek, eta urte osoan zehar, gainera.
Cristina Laborda Mugikortasun zinegotziak onartu du ibilbide luzea eta zaila izan dela, batetik, nazioarteko erakundeen baimenak behar izan dituztelako, eta bestetik, hango eta hemengo sistemak bateragarri egin behar izan dituztelako. «Orain, garraio publikoa Hendaian eta departamentu osoan, ordaindu egiten da, lehen, ez». Horrez gain, Europako zuzentarau bat ere atera dela azaldu du, «eta horrek sistema liberalizatu du, nolabait, mugak ezabatu».
Emandako urratsarekin pozik azaldu da Laborda: «Aspalditik daramagu Hendaiarekin eta departamenduarekin hitz egiten, garraio publikoko linea bat izateko, modu erregular batean funtzionatuko duena». Mugikortasun delegatuak gogorarazi du jende asko dagoela Hendaian bizi dena eta Irunen lan egiten duena, eta alderantziz, «eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun zerbitzu hori ematea topoaz aparte, geltokia urrun geratu baitaiteke zoazen tokiaren arabera».
Hendaia eta Irun lotzea bakarrik ez, konexioak ere egitea garrantzitsua dela aipatu du. Hemendik aurrera, Irun eta Hendaiako hiri barruko autobus zerbitzuekin konektatzeko aukera izango dela azaldu du, eta baita hiriz kanpoko lineekin ere. Horrela, Donibane Lohizuneraino edo Hondarribiraino iristeko aukera izango da loturak eginez.
Bi linea daude: 4. linea Abadiako gaztelua eta San Juan plaza artekoa da. Ficobatik barrena, Iparralde etorbidetik igotzen da San Juan plazaraino. Gero, Nafarroa etorbidetik joaten da. 5. lineak Zokoburutik atera eta Biriatu edo Behobiara arteko bidea egingo du. Autobusen maiztasuna ordubetekoa izango da, eta goi denboraldian, 45 minutukoa. Txartelak euro bat balio du.
Akordioa sinatzear
Labordaren arabera, orain Irungo Udala eta Agglomeration Sud Pays Basqueren arteko akordioa —hamalau herrik osatuta dago— sinatzea falta da. Horren arabera, udala Irungo aldeko gastuaren kargu egingo da. «Oraindik zerbitzua martxan jartzen ari dira, eta oraindik ez dugu sinatu», azaldu du Labordak. Urte bukaera aldean egitea espero du, eta aurretik Udalbatzak onartu behar duela jakinarazi du.