1,5 milioi eurorekin zer egin erabakitzeko aukera izango dute herritarrek.
Aurten ere aurrekontu parte hartzaileak ariko dira eztabaidatzen Irunen. Hori datorren hilabetean zehar izango da, eta lehenengo bilera Belaskoenean egingo dute; hurrengo asteazkenean izango da (hilak 5) 19:00etan, Belaskoenea auzo elkartean.
Guztira, hiru bilera egingo dituzte datozen asteetan. Hurrengoa urriaren 13an (osteguna) izango da Luis Mariano gizarte zentroan, eta urriaren 19an (asteazkena) Ospitale Zaharrean. Bilkura guztiak 19:00etan hasiko dira.
1,5 milioiren helburua erabakitzeko aukera
Iaz bezala, herritarrek 1,5 milioi eurorekin zer egin erabakitzeko aukera izango dute boto bidez. Parte hartzeko baldintzak Irunen erroldatuta egotea eta 16 urte baino gehiago edukitzea dira.
Beste aurrekontu bat ere izango da aparte, gazteena. Horren arabera, 16-30 urteko gazteek 200.000 eurorekin zer egin erabakiko dute .
Bilera bakoitzetik hamabina proposamen aukeratuko dituzte, eta webgunean beste hamabi ere egingo ditu udalak. Horrenbestez, 48 proposamenen artean hautatzeko aukera izango da.
Botoa urriaren 24-27 artean eman beharko da webgunean, eta boto gehien lortu dituztenen artean, azken bozketa azaroaren 4-10an izango da. Azken bozketa horretarako fisikoki botoa eman ahal izango da HAZn bulegoan edo webgunean, Irun txartelarekin.
Aurrekontu parte hartzaileen saio bat, iaz.