Iaz Europako Kultur Hiriburu izan zen Pilsen hiritik datoz, Donostia 2016aren barruan.
Ceska Pisen Choir abesbatza
Ceska Pisen Choir abesbatza txekiarrak kontzertua eskainiko du ostiralean Hondarribiko Portuko elizan, 20:00etan. Iaz Europako Kultur Hiriburu izan zen Pilsen hiriko korua da eta Donostia 2016-Pilsen 2015 Kulturen Bateratzea programaren barruan kokatzen da ekitaldia. Izan ere, Donostiako Ereski taldeak Pilsenen abestu zuen aurreko urtean eta, aurten, Ceska Pisen Choir abesbatza hurbildu da Gipuzkoara trukean. Hala, Donostiako Ereski Kultur Elkarteak antolatu du Portuko elizako kontzertua, udalaren laguntzarekin.
Ibilbide luzeko abesbatza mistoa da Ceska Pisen Choir, 1954 urtean sortua eta dagoeneko milatik gora kontzertu eman ditu. Egun, 38 abeslarik osatzen dute eta Txekiar Errepublikako talde onenen artean dago. Txekiar folkloreko kantak eta antzinako musika eslabiarra lantzen dituzte, baina errepertorio zabala dute eta tartean konposatzaile alemaniar, ingeles, errusiar, italiar, frantziar eta espainiarren lanak aurkitu daitezke.
Adituen arabera, “interpretazio artistikoa, entonazio garbi eta zehatza, aho espresioa eta errepertorio zabala” dira ostiralean Portuko elizan abestuko duen Ceska Pisen Choir abesbatzaren ezaugarri nagusiak.