Irunen erroldatzeko trabak jartzen dituztela salatu du bitartekotzarako espazioak
Irunen erroldatzeko trabak jartzen dituztela salatu du Korapilatuz Bidasoaldeko Bitartekotzarako Erakundeen eta Profesionalen espazioak. Horregatik, erroldatzea errazteko eskatu du, eta kasuren batean baldintzak betetzen ez badira, erroldatze soziala edo fikziozkoa egiteko espazio edo zerbitzu publiko batean.
Korapilatuzek Errolda Legea gogora ekarri du, eta horren arabera, edonor errolda daiteke bizi den tokian, zubi bat izan, banketxe batean edo auto batean. “Udalak horren berri izatea nahikoa da”. Halako kasuetan, Gizarte Zerbitzuek espazio publiko batean erroldatzea proposatzen du (jantoki sozialean, aterpetxean….), erroldatze sozialaren bidez.
Azken aukera bezala erroldatzea herriko gizarte entitateen bidez egitea proposatu du.
2014tik irtenbiderik eman gabe
Korapilatuzen arabera, duela urte batzuk hainbat pertsonek errolda egiteko zituzten zailtasunen berri izan zuen, eta hori jakin bezain laster, udalarekin harremanetan jarri zen. 2014a zen. Orduz geroztik, udalarengandik jaso duen erantzun bakarra lanean ari direla izan dela adierazi du. Azkena jakin izan duena da udaleko hainbat arlo elkarlanean ari direla (Gizarte Ongizatea, errolda, zerbitzu juridikoak eta Udaltzaingoa) eta dagoeneko irtenbide bat ematear daudela. Zentzu horretan, “pozik” azaldu da, baina gogorarazi du oraindik ez dela ezer martxan jarri.
Erroldatzea zein garrantzitsua den nabarmendu du Korapilatuzek, osasungintza, hezkuntza, justizia eta beste zenbait arlotarako eskubidea izateko baita bizirauteko diru laguntzak eskatzeko ere. “Burokraziarekin amaitu behar da, irtenbideak nahi ditugu”.
Irungo udaletxea