Jaizkibel konpainia parekidearen historia laburbiltzen duen erakusketa bisitatu daiteke Arma Plazan.
Konpainiaren hogei urteetako argazkiak bildu dituzte
Hondarribiko Jaizkibel konpainia parekideak 20 urte bete ditu aurten. Bi hamarkada pasatu dira Alardean desfilatzen saiatzen hasi zirenetik eta irauten duen borroka hori laburbiltzen duen erakusketa prestatu dute. Hilaren 30a arte bisitatu daiteke Arma Plaza kultura eta turismo gunean, 10:00etatik 19:00ak arte.
Formato txikiko eta erataineko argazkiak dira, baina badira bizpahiru handiagoak ere, bisitariari harrera egiteko balio dutenak. Erakusketako argazki alaienak dira horiek, gehienek konpainiaren une gogorrenak irudikatzen dituztelako.
Erakusketak, Jaizkibel konpainia sortu aurreko irudiak ere biltzen ditu. Esaterako, Juana Mugarrietakoa elkartearen bilera batekoa, hain zuzen ere, emakumeak soldaduz desfilatzeko saiakera egiteko erabakia hartu zutenekoa. Hor hasi zen Jaizkibel konpainiaren bidea, 1996ko irailean, momentuz hogei urtez luzatu dena, eta urte horietako guztietako argazkiak ikusi daitezke Arma Plazan: 1998an Gernikako arbolaraino iritsi zirenekoak, hurrengo urtean Ertzaintzak konpainiako kideen eta zaleen kontra kargatu zuenekoak, 2003an lehen aldiz haur kuberoekin San Pedro kaletik desfilatu zutenekoak, 2005ean Berdintasun Legea onartu zen urtekoak, 2012an Emakunde Saria jaso zutenekoa… eta noski, Kale Nagusiko argazkiak, Jaizkibel konapainia plastiko, aterki, eta abarren artean desfilatzen azaltzen dutenak.
Laguntza eskatu dute
Eli Olaskoaga konpainiako kidea arduratu da argazkiak bildu eta galbahea egiteaz eta, aitortu duenez, argazkietako batzuk zeinenak diren ez daki: “Urtero bidaltzen dizkigute argazkiak eta asko zeinenak diren ez dakigu. Horietan Jaizkibelen artxibokoak direla jarri dugu baina gustatuko litzaiguke norbait etortzea eta esatea, ‘aizu, hori nire argazkia da’. Asko eskertzen dugu jendeak argazkiak bidaltzea, guk ezin ditugulako atera, desfilatzen gaudelako”.
Ostirala eta gero jasoko dituzte argazkiak paretetatik baina Izaskun Larruskain konpainiako kapitainak adierazi duenez, “baliteke gerora beste nonbaitera eramatera”. Horregatik, deia luzatu du Larruskainek: “Norbaitek argazki politen bat badu, konpainiaren historia irudikatzeko balio duena, eskertuko genuke Arma Plazatik pasatzea eta gurekin harremanetan jartzea. Artxiboa osatzen jarraitu nahi dugu”.