Munduko Txapelketan lortutako postu bera lor dezake Munduko Bike-Trial Kopan. Asteburuan bukatuko da, Anberesen.
Anberesko plazan erabakiko da 2016ko Munduko Kopa
Asteburuan erabakiko da Munduko Bike-Trial Kopako podioa. Anberesen (Flandria) egingo dute urteko azken proba eta Ion Areitio hondarribiarrak podioko hirugarren postuari eutsi nahi dio. Baina lehen bi postuak ere jokoan dira.
Benito Ros nafarra da liderra (680 puntu) eta Abel Mustieles aragoarra gertu du (650). Proba bakoitzean banatzen diren puntuei dagokionez, lehen eta bigarren sailkatuen artean 40 puntuko aldea dagoenez, bietatik Anberesen irabazten duenarentzat izango da 2016ko Munduko Bike-Trial Kopa. Bietako batek irabazten ez badu, ia seguru Rosek lortuko luke garaipena, Mustieles bigarren edo hirugarren geratu eta nafarrari bi postu atera beharko lizkiokeelako.
Hirugarren postuari dagokionez, Areitiok (530) aukera asko ditu, baina ezin du hutsik egin. Hondarribiarrak 50 puntu ateratzen dizkio Dominik Oswald alemaniarrari (480) eta 70 puntu iaz Anberesen hirugarren geratu zen Lucien Leiser suitzarrari (460). Hori horrela, Oswaldek azken proba irabaziko balu —oso zaila dirudi—, Areitio bigarren geratu beharko litzateke; alemaniarra bigarren sailkatuz gero, Areitio hirugarren geratu behar da eta Oswald hirugarren geratuta, zazpigarren postua nahikoa litzateke hondarribiarrarentzat. Hortik behera geratuz gero, apenas du aukerarik Oswaldek.
Leiserrek aukera gutxiago ditu oraindik Areitio podiotik jaitsi arazteko. Suitzarrak Anberesen irabazita, Areitiok hirugarren postua beharko luke brontzeari eusteko; suitzarrra bigarren geratuta, zortzigarren sailkatzearekin nahikoa luke hondarribiarrak.
Gorka Susperregik ere bidaiatuko du Belgikara. Sailkapen orokorrean 32. postuan dago eta Anberesen ondo leiatuz gero, lehen 30en artean sailkatzeko aukera izango luke.
Finalerdia eta finala igandean
Larunbat eguerdian (13:30, Belgikako ordua) hasiko da lehia Elite Mailako 20”ko modalitatean, final laurdenekin. Ezer arraro gertatzen ezpada, Areitio igandeko finalerdietan ariko da ere, 12:00etatik aurrera. Eta sailkapen nagusiko hirugarren postua mantendu nahi badu, seiko finalerako sailkatu beharko luke hondarribiarrak, badaezpada.
Igandean, arratsaldeko bostak eta erdietan hasiko da Munduko Bike-Trial Kopako azken probako finala. Anberesen erabakiko dira podioko hiru tokiak eta, gutxi gorabehera 19:30ean jakingo da,
Munduko Txapelketan lortu bezala, hirugarren koskara Ion Areitio hondarribiarra igoko ote den