Uhinak kongresuaren bigarren ekitaldia egingo dute Ficoban, hilaren 27 eta 28an. Hainbat arlotako ordezkariak bilduko dira bertan.
Uhinak kongresuaren iazko irekiera ekitaldia.
Hilaren 27an eta 28an egingo dute Uhinak kongresuaren bigarren ekitaldia, Ficoban. Azti-Tecnaliak eta erakustazokak berak antolatuta. Bertan klima aldaketak itsasertzean izan ditzakeen eraginak aztertuko dituzte zientzia, teknologia, enpresa eta administrazio munduko hainbat ordezkarik.
Horrela, Uhinak-ek proposatzen du kongresuko ondorioak neurriak hartzeko eskumenak dituztenen eskuetan uztea. Guztira 31 txosten aurkeztuko dituzte, 21 lehiaketan aurkeztuak eta hamar gonbidapen bitartez.
Lau gai jorratuko dituzte: klima-aldaketaren erronkak Bizkaiko Golkoko itsasertzean —Galiziatik Bretainiaraino—, klima-aldaketak itsasertzaren erabileran izango dituen ondorioak eta itsasertzaren erabileraren egokitzapena, aldaketa kudeatzeko eta erabakiak hartzeko garatu eta aplikatu beharreko tresnak, eta muturreko gertakarien ondorioak itsasertzaren etorkizuneko erabileretan.
Asteartean, 09:00etan, inauguratuko dute, ofizialki, kongresua. Egitaraua ikusteko,
egin klik hemen.
Antolatzaileek esan dutenez, zientzialariek “baieztatu egiten dute atmosferako eta ozeanoetako tenperatura igotzen ari direla”. Hori erregai fosilen erabilpen handiak ahalbidetzen duela ziurtatzen dute. Mende bukaerarako itsasoaren maila 30 zentimetro eta metro baten artean igo daiteke.