Sari nagusirik gabe, baina bikaina
"Oso garbi daukagu sekulako denboraldia egin dugula", esan du Mikel Orbañanosek BERRIAn egin dioten elkarrizketan.
“Oso garbi daukagu sekulako denboraldia egin dugula”, esaldi horrekin laburtu du Mikel Orbañanos Ama Guadalupekoa traineruko entrenatzaileak amaitu berri den arraun denboraldia. Aitor Manterolak elkarrizketa egin dio BERRIA egunkarian eta, bertan, egindakoarekin pozik azaltzen da eta Bermeoren lana goraipatzen du Orbañanosek: “Guk barruan oso garbi daukagu sekulakoa egin dugula, eta, gainera, aurkariak ez errespetatzea litzateke guk esatea denboraldi txarra egin dugula”. Ibilbide osoan erakutsi bezala, kiroltasuna dario oriotarrari elkarrizketan zehar eta, agian, hori izan daiteke 2016 denboraldiko lerroburuetako bat. Azken urteekin alderatuta, ligako oilarrek izkin egin diote polemikari eta kiroltasunezko irudiak nagusitu dira, beste garai batzuetakoak atzean utzita. Orbañanosek esan gabe, bistan da Ama Guadalupekoak denboraldi itzela egin duela, bi sari handienak Bermeora joan badira ere: Kontxa, batetik, eta liga, bestetik. Kontuan izan behar da, gainera, San Miguel Liga hirugarrenez jarraian irabaziz gero La Caixa trofeoa etxean geldituko zela. Hori ere galdu du Hondarribiak, hobe esanda, hori ere Bermeok irabazi dio. Bermeok biribildu du Urdaibaik irabazi ditu bai Kontxa eta bai liga, azken urteotako sasoi onena biribilduz. Denboraldiko bigarren erdian indartsuagoak izan dira bermeotarrak, baina bada datu bat argi adierazten duena Hondarribiak ez duela behera egin. Izan ere, ligako azken lau banderak Urdaibaik irabazi baditu ere, lau horietatik hirutan Hondarribia bigarren geratu da, eta hirugarren Portugaleteko eremu berezian. Are gehiago, Hondarribiak uretan nagusi zenean galdu zituen bukaeran baino puntu gehiago, denboraldiaren hasieran. Balantzea egiterako orduan bat baino gehiago Galiziako meigekin oroituko da, Bou Bizkaiarekiko lau puntu galdu baitzituen Ama Guadalupekoak Galiziako asteburuan, ligako sailkapen nagusian bi lehenengoen artean egon den puntu kopuru bera. Nerbioi ibaian ere galdu ditu puntuak Hondarribiak, baina irabazi ere irabazi ditu; sailkapenari begira, hortaz, eraginik izan ez duela esan daiteke, argi utziaz, hori bai, eremu horrek ez duela inoiz bermatzen onenak irabaziko duenik. Kontxan ere bigarren izan ziren hondarribiarrak bi jardunaldietan, eta aurrenekoak sailkapen estropadan. Hor ere nagusi izan zen Bou Bizkaia, baina bizkaitarrek aurkari bakarra izan dute, Hondarribia Arraun Elkartea. Zalantzarik gabe, denboraldi bikaina egin du Ama Guadalupekoak, nahiz eta amaiera ez den izan Hondarribia Arraun Elkarteko zaleek denboraldi hasieran amesten zuten kolorekoa izan.