Hondarribiko Irakurketa Tailerren programak 20 urte beteko ditu aurten. Gaur aurkeztu dute ikasturte berria.
Gonzalez-Esnal, Silanes eta Guevara, irakurketa tailerren aurkezpenean
Hondarribiko Irakurketa Tailerren 20. ikasturtea aurkeztu dute gaur udaletxean. Azken ekitalditan bezala lau talde osatuko dituzte, gaztelaniazko hiru eta euskarazko bat.
Liburuarekin hitzordua da euskarazkoa eta urriaren 6an hasiko da, Aingeru Epaltzaren
Mendi-erreportaia liburuaren lanketarekin. Egun bat eta bi lehenago hasiko dira
Cita con el libro tailerraren saioak —talde desberdinak dira baino liburu berak lantzen dituzte—, eta larunbat horretan, urriaren 8an
Un sábado un libro taldeak abiatuko du lehen hiruhilekoa (ikusi behean urtea bukatu bitarte talde bakoitzean landuko dituzten tituluak).
Dagoeneko taldea aukeratu eta izena eman daiteke eta hilaren azken egunera arte ez dute epea itxiko. Hiru modu daude egiteko: 943 11 12 95 telefono zenbakira deitu, udal liburutegiko
posta elektronikora idatzi edo Biteri kaleko egoitzara joan; urrira arte udako ordutegiarekin dabiltza, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara irekitzen dutelarik. Izena ematearekin batera, landuko duten lehen liburua jasoko du irakurzaleak.
Irakurketa taldeak hogeigarrenez elkartuko dira urritik aurrera. “Zenbaki polita” Kalixa Silanes Kultura zinegotziaren arabera. 270 liburu dira orain arte landu dituztenak eta 300era iristeko erronkarekin aurkeztu dute aurtengo egitaraua. Aurkezpenean, Silanesen ondoan Kote Guevara liburuzaina eta Maite Gonzalez-Esnal idazle donostiarra eseri dira, azken hau, programako gidaria.
Zinegotziak nabarmendu duenez, partaide bakoitzak lantzen diren liburuak debalde jasotzen ditu, “eta etxeko liburutegia osatzeko aukera izaten du horrela”. Irakurketa tailerrak tailer hutsa baino gehiago direla, “eztabaida gune ere” badirela nabarmendu du Silanesek eta Gonzalez-Esnalek aurreratu du aurten eztabaida horietan sakontzeko xedea dutela: “Liburuak irakurtzeaz aparte, eztabaidak sortzen dira, eta jendeak eskertzen du. Aurten hori landuko dugu, eztabaida gunea indartuko dugu”.
Modari kasurik ez
“Ez dugu moda jarraitzen”, horrela adierazi du Gonzalez-Esnalek Hondarribiko Irakurketa Tailerren programak ikasturteko liburuak aukeratzeko jarraitzen duen metodoa. Donostiarraren esanetan, “altxor asko dago irakurtzeko, ezagutzen ez ditugunak”, eta horien bila joaten da programa zehazteko: “Azken ordukoak bakarrik ez ditugu irakurtzen, eta jendeak hori eskertzen du”.
Gainera, talde bakoitzak bere nortasuna duela zehaztu du, “eta gustu desberdinak”. Hala, esaterako, larunbatetako taldea gazteagoa dela esan du, “eta ez diote beldurrik 400 orriko liburua lantzeari”. Orri kopurua kontuan hartzekoa da liburu bat edo beste bat aukeratzerako orduan, “gehienek lan egiten dutelako, eta ez dutelako asko irakurtzeko astirik”.
Gaztelaniazko talde bakoitzak hogei partaide inguru izan zituen iaz, eta euskarazkoak hamabost bat. Guevara kontent azaldu da “talde egonkorrak” direlako, eta euskarazkoarekin bereziki, “hasiera gogorra izan zelako, baina finkatu delako eta eraginkortasuna azaldu duelako”.
Lau taldeak koskortu eta egonkortu diren arren, urtero berritasun bat sartzea gustuko duela gehitu zuen Gonzalez-Esnalek eta aurten ez da salbuespena izango. Hala, hiru hilabetean behin poema bat irakurriko dute, eta ondoren komentatu. Idazlearen hitzetan, “poesia irakurtzen ikasi behar da”, eta hori da aurten irakurketa tailerren irakasgai berria, “tantaka” egiten hasiko direna.
Irakurketa tailerrak. Lehen hiruhileko programa
Cita con el libro (gaztelaniaz)
Astearte eta asteazkenetan, 16:00etatik 17:30era, Kultur Etxeko 103 aretoan
- Urriak 4 eta 5. Relatos de un naúfrago. Gabriel García Márquez
- Azaroak 8 eta 9. La mucama de Omicumlé. Rita Indiana
- Abenduak 13 eta 14. Del color de la leche. Neil Leyshon
Liburuaren hitzordua (euskaraz)
Ostegunetan, 16:00etatik 17:30era, Kultur Etxeko 103 aretoan.
- Urriak 6. Mendi-erreportaia. Aingeru Epaltza
- Azaroak 17. Zu. Anjel Lertxundi
- Abenduak 15. Laranja bat zaborretan. Patxi Zubizarreta
Un sábado, un libro (gaztelaniaz)
Larunbatetan, 11:30etik 13:30era, Arma Plaza kultur gunean.
- Urriak 8. El coronel no tiene quien le escriba. García Márquez
- Azaroak 5. H. de halcón. Helen Macdonald
- Abenduak 3. La liebre de los ojos de ámbar. Edmund de Waal