Urriaren 8an hasiko dira eta maiatzaren 27an bukatu. Ostiral honetan egingo dute ikastaroaren aurkezpen ekitaldia, 19:30ean, Irun Factoryn.
Bidasoaldeko Elkarte Feminista eta Mundubat GKEren eskutik ekonomia feminista eskolatxoak egingo dituzte Irunen ikasturte honetan. Urriaren 8an hasiko dira eta maiatzaren 27an bukatu. Ostiral honetan egingo dute ikastaroaren aurkezpen ekitaldia, 19:30ean, Irun Factoryn.
Ekonomia Feminista Eskolatxoak Hego Ameriketan hasi ziren egiten, eta Euskal Herrira ekarriko dituzte orain, “hemengo kulturara” egokituta, Maritxu San Pedro Bidasoaldeko Elkarte Feministako kideak azaldu duenez. Gipuzkoan bi tokitan baino ez dituzte egin orain arte: Donostian, iaz, eta aurten, Irunen. Zentzu horretan, “oso pozik” azaldu da Bidasoaldeko Elkarte Feminista. Asmoa da Euskal Herri osora zabaltzea ekonomia feminista eskolatxoen sarea.
Eskolatxoetan erabiliko duten metodologia Josefina Roco Sanfilipporen
Bidean eman beharreko urratsak liburuan oinarrituta dago. Hain zuzen, ikastaroen gidarietako bat izango da Roco, oraindik zehaztuta ez dagoen bigarren pertsona batekin batera.
20 laguneko taldetxora mugatuko dute eskolatxoa, eta, taldean, emakumeek bizi duten egoera aztertu, puskatu eta berriro esanahi bat eman edo berriro asmatu nahi izango dute. “Denek dugu denenengandik ikasteko”, esan du San Pedrok. Adin ezberdinetako emakumeak erakarri nahi dituztela ere gaineratu du.
Bost modulutan banatuta egongo da ikastaroa, eta oro har, patriarkatuak eta neoliberalismoak emakumeei nola eragin dien, eta horiei ekonomia feminista baten ikuspuntutik nola erantzun landuko dute, guztia hutsetik berreraikiz.
Ikastaroan parte hartzeko izena eman behar da Bidasoaldeko Elkarte Feministaren
posta elektronikoan.
Maritxu San Pedro, Rosa Mari Torres eta Tatxo Lagon Bidasoaldeko Elkarte Feministako kideak.