Judas Arrieta.
Urte bukaerara arte, proiektu ugari ditu esku artean Judas Arrietak (Hondarribia, 1971). Boisen izandako esperientziaz eta aurrera begirakoez mintzatu da.
Boisen egon zara Modern Hotel and Bar ostaturako murala margotzen. Ez da lehenengo aldia han egon zarela, ezta?
Iazko udan egon nintzen lehenengo aldiz. Bost urtean behin antolatzen den jaialdi batera gonbidatu ninduten erakusketa bat egiteko, Boiseko Ming Studiok antolatzen dituen erresidentzia programen barruan. Bi hilabeteko egonaldia egin nuen Boisen. Egonaldiaren amaieran,
Boiseland proiektua aurkeztu nuen. Bertan, Amerikan jaiotako euskaldunen eta Euskal Herrian jaiotakoen arteko identitate ezberdintasunak aztertzen saiatu nintzen. Erakusketak arrakasta handia izan zuen.
Erakusketaren irekieran ezagutu nituen Modern Hotel and Bar-en nagusiak, eta esan zidaten zer edo zer egin behar genuela elkarrekin. Maiatzean, hoteleko Modern Art Festivalera gonbidatu ninduten. Han, hoteleko gela guztiak artista gonbidatu baten erakusgela bihurtzen dira. Taberna egokitu zitzaidan, eta jendaurrean egin nuen oraindik eskegia dagoen artelan bat. Donostian, Mallorcan, Santanderren eta Valentzian egindako muralak erakutsi nizkien, eta zoratuta geratu ziren.
Lehenengo artista egoiliarra izan zara bertan. Zer esan nahi du horrek? Ohorea al da?
Modern Hotel and Bar-ek betidanik erlazio berezi bat izan du artearekin eta artistekin: kontzertuak, jaialdiak, antzerkia, dantza… Artea eta antolatzen dituzten jarduerak balio erantsia dira. Horrek egiten du bezeroen artean kanpotarrak eta etxekoak izatea, baita kulturarekin erlazio estua duten bezeroak ere. Tabernan, koktelak eta jakiak giro ezin hobean goza daitezke. Leku berezia da. Nik uste dut artista egoiliarrarena aitzakia izan dela nire mural bat izateko bere hotelaren atzealdean… Dena den, esan dezaket beraiekin luzaroan hitz egindako proiektua dela. Erresidentzia aitzakia bat da urtean behin berekin artista bat izateko. Ni lehenengoa izatea kasualitatea izan da, momentu eta leku egokian egotearen kasualitatea. Ohorea izan da proiektu hau gauzatzen lagundu didan jendea ezagutzea eta elkarrekin lan egitea.
Zertan oinarritu zara margolana diseinatzeko?
Muralak bost metroko altuera eta 60 metroko luzera du. Gai ugari landu ditut. Nire helburua murala denona izatea izan da. Gai lokalak eta unibertsalak tratatu ditut. Muralaren izenburua
Wonder Stories / Istorio harrigarriak da. Alde batetik, hotelari eta haren nagusien historiari buruz hitz egin dut, baita mendebaldeko konkistari buruz ere: lehen esploratzaile eta aitzindariak, cowboyak eta natiboak, inguruko mendi, ibai eta animaliak… Hoteleko langileekin ere hitz egin dut gai berriak gehitzeko. Talde lana izan da. Beste aldetik, Euskal Herriko eta Boiseko euskaldunen arrastoak ere agertzen dira: artzainen gurdiak, lauburua, ardiak eta ahariak… Hainbat elementuz eta mezuz osaturiko mural koloretsu bat da, eta bakoitzak bere istorioa osatu edo aurkitu behar du.
Modern Hotel and Bar-eko muralaren zati bat.
Zer moduz joan zen inaugurazio ekitaldia?
Berezia izan zen. Joko bat antolatu genuen jendeak muralean elementuak bilatu zitzan,
Ikusi Makusi-ren antzekoa. Country talde batek musika jo zuen. Bestalde, hoteleko chefarekin pintxoak eta tabernako menurako plater berezi batzuk prestatu genituen: gildak, patata tortilla, txanpiñoiak, pikanteak, piper beteak…
Esana duzu AEBetako kulturak eragina izan zuela zugan, nahiz eta berandu ohartu zinen. Nolakoa izan da kultura hori bertatik bertara ezagutzea, komiki eta filmetatik harago?
Oraindik asko daukat deskubritzeko. Idaho eta San Frantzisko aldean egon naiz bakarrik, baina gozagarriena mendebaldeko mitoekin edo mitologiarekin aurrez aurre egotea izan da: gaztetan bizi eta gozatutako film, telesaio, komiki eta liburu horietako agertokian egotea berezia da. Hemen dena handia da. Bizimodua ere batzuetan modernoa eta kosmopolita da; besteetan, filmetan bezalakoa. Oso argi geratzen dira nire lanean historiak eman dituen artista amerikarrak, herri kultura eta bizitza gozatzeko era berriak —telebista, bideo jokoak…—.
Margolanaz gain, harreman berriak egiteko aprobetxatu al duzu egonaldia?
Denbora gehiena muralarekin gora eta behera ibili naiz: prestaketak, materialak, garabiaren alokairua, margotu, jaia prestatu… Denborarik ez etorkizunean pentsatzeko, beraz. Niretzat, etorkizuna orain da, baina argi daukat Boisera itzultzea nire helburuetako bat dela. Hemen oso ondo tratatu naute, eta lagun mordo bat egiteko aukera izan dut. Fan ugari ere egin ditut, baita nire obra erosi duten batzuk ere. Itzultzeko formula zein den ere argi daukat: lanean jarraitzea.
Artesantander azokan, Bathcok antolatutako saria irabazi zenuen. Zer esan nahi du?
43 galeriaren artean saria lortzeak poza eman zidan. Diru sarreraz gain, aukera dut saria eman duen enpresarekin kolaborazioak egiteko. Bathcok, Modern hotelaren antzera, artea erabiltzen du bere produktuei balio erantsia emateko. Produktu esklusiboak egiten dituzte, merkatu berezietan saltzeko. Aukera ona da nire lana merkatu berrietara iristeko.
The Blue Symphony erakusketa Aquariumean dago. Kalera atera zenuen erakusketaren sorrera. Zein harrera eduki du orain arte?
Oso ona. Oso positiboa izan da Hondarribian eta Irunen antolatutako egitasmoa, hau da, koadroekin kalera ateratzea, haurren laguntzarekin margotzea eta gero herritarrekin partekatzea. Aquariumekoa oso polita geratu da. Eta egunak ezin hobeak izan dira ikusle eta bisitari kopurua handia izateko. Oso pozik nago. Erakusketa hilaren 15ean bukatuko da, eta, urtea bukatu baino lehen, esperientzia horri buruz bi konferentzia emango ditut, bat Irunen eta bestea Hondarribian.
Proiektu horiez gain, aurrera begira zer duzu buruan?
Urtea bukatu arte, gauza ugari ditut esku artean: Donostiako Tabakaleran, Arteuparte galerian, taldekako erakusketa pare bat urrian eta azaroan; Tabakaleran ere bai, Kutxa espazioan, Harkaitz Canorekin
Momotaro izeneko erakusketa prestatzen ari naiz… Tarteka, artean erabiltzen diren euskarri berriei buruzko ikastaroa emango dut Donostiako Okendo kultur etxean. Gauza gehiagotan nago sartuta, baina aurrerago jakingo duzue…