89 urte bete berri ditu Agustin Prieto irundarrak. Memoria bizi-bizirik mantentzen du, eta duela 80 urte gerraren ondorioz pasatakoak ez ditu ahazten. Irmotasunez eman du jasandakoaren berri.
Agustin Prieto 1936ko gerraren errefuxiatua.
Igandean omenaldia egin zitzaien gerraren ondorioz Bidasoa ibaia gurutzatu behar izan zutenei. Omenaldian egoteko aukera izan al zenuen?
Ez nintzen egon, baina bertan izan ziren duela 80 urte Bidasoa ibaia gurutzatu zutenak. Badakit, adibidez, Urra familiako bat izan zela.
Ez zenuen eduki omenaldian egoteko aukera, baina zer iruditu zaizu horrelako ekitaldi bat antolatzea? Oraindik beharrezkoak dira memoria bizirik mantentzeko, ezta?
Terrorismoaren biktimez ari direnean, zer iritzi diote terrorismo frankistaren gainean? Niretzat, nire familiarentzat eta urte askotan hura pairatu behar izan duten familientzat bereizketarik egiten ez zuen terrorismoa izan zen, ezker mugimendu guztia deusezteko pentsatua: langileak, baserritarrak, intelektualak eta ezkertiarrak. Legez osatutako II. Errepublikari faxismoak ezarritako alternatiba, 1936an egindako zitalkeria handi hori, genozidio bat izan zen, eta ez da ahaztu behar. Salatu egin behar da, justizia egiteko eskatu eta arduradunak zigortu. Ezin da preskribatuta geratu. Traidoreak eta kolaboratzaileak eta benetako historia desitxuratu dutenak salatu behar dira.
Duela 80 urte zu zeu eta zure familiak gurutzatu behar izan zenuten Bidasoa ibaia. Zergatik?
Nire aita, Candido Prieto, jarraitzaile komunista zen. Nire arreba zaharrena, Emiliana, 14-15 urterekin Gazte Komunistetan afiliatu zuen. Nire arreba ikusi izan dut Gazte Komunistekin desfilatzen Colon pasealekuan. Gerra hasi zenean, liskarrak hasiak ziren, eta frontea sartzen hasi zen Aiako Harriak eta Erlaitz inguruan. Gure auzoan (Faisaien uhartera iritsi aurretik zegoen auzo batean bizi ginen) guztiak ginen langileen seme-alabak, poxpolo lantegiko langileak.
Motra deitzen genion txabola bat genuen; etxe zahar bat zen, poxpolo enpresari itsatsita zegoena. Nire aitak gazteek, auzoko seme-alabek eta auzotarrek arnasten zutena ikusita, makila batean bandera gorri bat jarri zuen
motra-n, eta hor egon zen, gerragatik ihes egin genuen arte. Gogoan dut ere II. Errepublika aldarrikatu zutenean, Sanjuanzarreko estatuaren ondoan, nola nire aitak sorbalden gainean eramaten ninduen; lau urte izango nituen.
Zein egoeratan zegoen Irun, hiria utzi aurretik?
Lehen aldiz bonbak entzun nituenean, 1936ko abuztuan, Punttan geunden. Hainbat gaztetxo joan ginen inguru horretara. Han ginela, abioneta bat ikusi genuen, Endarlatsara bidean. Ondoren, bonbardaketa bat izan zen.
El run run deitzen genion. Hegazkin bat etortzen zen tarteka, bonbak jaurti eta alde egiten zuen. Horietako batean, San Martzial kalean, Irungo Atsegiña zegoen tokian, emakume bat hil zuela esaten zuten.
El run run etorri zen beste batean, Rekondo zegoen tokian, Santiago kaleko zubi inguruan, automotriza zegoen tokian, bonba bat erori zen. Ez dut uste zauriturik egon zenik, baina izugarrizko hauts zurrunbiloa sortu zuen.
Giroari dagokionez, Irun errepublikanoa zen, ia denak ezkertiarrak ziren. Denak atera ziren kalera errepublika defendatzera. Ez, errepublikanoak soilik; denetarik zegoen: sozialistak, komunistak… kanpotik ere etorri ziren boluntario antifaxistak eta askok bizia galdu zuten.
Behobiako zubitik pasatu zineten Hendaiara. Zein egunetan abiatu zineten?
Abuztuaren 31 zen. Oraindik ez zuen eguna argitu, eta gurasoek esnatu egin gintuzten joan egin behar genuela esanez. Gure familiaz gain, ingurukoak eta bizilagunak ere joatekoak ziren. Oso bizilagun iraultzaileak eta %100 ezkertiarrak genituen. Petra Zamora, Segunda Lopez, frontean egondakoa Endarlatsan… Makurtuta joan ginen oraindik bala galduak erortzen zirelako noizbehinka. Frontea San Martzialen zegoen. Biltoki batean sartu gintuzten Behobiako zubiaren ondoan, eta hor bazkaldu genuen. Gogoan dut nire aitak bi untxi hil zituela. Bizilagun batzuek prestatu zuten, gure etxean, baina gatza beharrean azukrea bota zioten, eta biltoki horretan ginela, jaten saiatu ginen, baina ezin izan genuen. Erreketeak Punttara iristear ziren, eta erabaki genuen Behobiako zubia pasatzea.
Zubia gurutzatu zenuten, baina, gero, zer??Nora jo zenuten?
Behobian ordu batzuk pasatu genituen, eta Urruñara eraman gintuzten. Jatetxe batean bazkaldu genuen barazki zopa bat. Umeei, normalean, ez zaie barazkiak jatea asko gustatzen, eta egia esan, ez genuen ganoraz jan. Handik, Donibane Lohizunera eraman gintuzten. Eskola publiko batzuetan egon ginen hainbat familia. Ordurako, nire ama Donibane Lohizuneko ospitalera eramana zuten, eta han jaio zen nire arreba. Donibane Lohizunen 13 egun inguru eginda, barnealderantz eraman gintuzten, Mazametera [Okzitania]. Han hilabete inguru pasatu genuen, suhiltzaileen etxe moduko batean, ganbaran, lurrean lo egiten. Gogoan dut saguzarrak pasatzen zirela gure buru gainetik. Nahiko gaizki tratatu gintuzten. Janaria jasotzeko komentu batera joan behar izaten zen, eta leihatila batean jasotzen zen. Nahiko txarra zen. Umeak, normalean, gozo zaleak izaten dira, ba, gogoan dut arroz-esnea ezin genuela jan. Nahiko herri handia zen, armada zeukatelako. Gogoan dut, lehenengoz, Senegalgo kornetinak ikusi nituela.
Mazameten ez dut gogoan gurasoak non egoten ziren. Nire aita eta beste poxpolo langileak Bartzelonan zeuden. Handik Bartzelonara joan ginen, beraz, eta han nire aita eta osaba Tomas genituen zain, beste bizilagun batzuekin batera. Horretarako, Portboutik pasatu ginen. Han hainbat hoteletan hartu gintuzten. Gu Vitoria hotelean egon ginen, Katalunia plazan. Hamar bat egun egin genituen. Jatetxe antzekoetan jaten genuen, eta ilara egin eta txanda itxaron behar izaten genuen jan ahal izateko.
Hamar egun horien ondoren, nora jo zenuten?
Gure ardura zutenek gure helmuga zein izango zen bazekiten, eta poxpolotegiko langileak zirenez, poxpolo enpresa batera eraman zituzten lanera, Valentzia hiriburutik 10-12 kilometrora zegoen Alfara del Patriarca herriara. Etxeetan sartu gintuzten familiak, eta hainbat etxetatik pasatu ginen. Horietako batean familia guztia gela batean sartuta egon ginen.
Lantegian II. Errepublikako diruarekin ordaintzen zieten gurasoei, baina herri horretan dirua kartoi batzuen truke aldatu behar izaten zuten, gero, zerbait erosi ahal izateko. Bakarrik herri horretan erosteko aukera zuten. Horregatik, ondoko herri batera alde egin genuen, Masarrochos. Hor ja Errepublikako diruarekin ordaindu ahal izan zuten. Herri horretan egon ginen gerra bukatu arte.
Ordurako, estatu kolpea eman zuen erregimena aurrera zihoan, eta Valentzia bonbardatzen hasiak ziren. Beldur horren aurrean, aterpe bat egin zen herrian. Inguruko herriak hareazkoak ziren batik bat, baina hau harritsuagoa zen, eta asko kostatu zitzaien aterpea egitea. Noizbehinka, hegazkinak ikustean, bertan sartzen gintuzten.
Gauzak Errepublikarentzat gaizki zihoazela ikusita, gurasoek kolonia batera eraman gintuzten anai-arreba helduak eta ni, Alcoira (Alacant). Mendialdean zegoen, baina Alcoitik 2 kilometrora. Hor ez zegoen bonbardaketarik, baina handik gutxira hasi ziren. Lauzpabost hegazkin ikusten genituen, eta Junkers eta Savoiak ziren, alegia, alemaniarrak eta italiarrak. Gogoan dut nola botatzen zituzten bonbak: nola askatzen zituzten, gero, distira handi bat, gero, txistu bat, eta azkenik, leherketak.
Eta non zeuden zuen gurasoak bitartean?
Ama pare bat aldiz etorri zitzaigun koloniara bisitan. Hura poza… Nire aita, ordurako, urdailetik operatuta zegoen (Irunen operatu zuten), eta 42 urterekin hil zen, kolonian ginela [hunkitzen da]. Kolonian nire aitaren eskutitz bat jaso genuen, bazkaldu eta gero eman ziguten. 1939ko urtarrilean hil zen, uste dut 19an. Gerra bukatutakoan, koloniako arduradunek gure etxeetara eraman behar gintuztela esan ziguten. Geltokian amarekin topo egin genuen, gure bila zetorrenean. Nire anaia negarrez hasi zela gogoratzen dut, eta amari besarkada bat eman zion.
Handik Masarrochosera joan ginen, etxera, denboraldi bat pasatzera, ez dut gogoan noiz arte. Francoren Gobernuaren xedapen bat atera zen, esanez, kanpotik etorri ginen guztiok gure jaioterrira bueltatu behar genuela. Trenean Valentziara joan ginen, eta handik Irunera. Bidean Irungo jendearekin topo egin genuen. Merkantzia bagoietan bidaiatu genuen. Irunera iristean, oso gaizki artatu gintuzten. Deklarazioa hartu ziguten, eta oinez, Kateako frontoira eraman gintuzten. Hainbat lagun zeuden bertan. Hor ja askatu gintuzten eta bakoitza nahi zuen tokira joan zedila.
Nire familiak jada bazekien nora joan zitekeen, eta bizilagun baten etxera joan ginen, Gazteluzarreko harrobiaren ondoan, Faisaien urtearen ondoan. Hor hainbat egun pasatu genituen. Gero, poxpolo lantegiaren ondoko etxebizitza batean egon ginen, ordainduta, edo dirua zenean ordaintzeko. Amak, alargun eta bost seme-alabekin, ahal zuen bezala familia aurrera atera behar izan zuen. Nire arreba zaharrena, berriz, neskame bezala aritu zen lanean. Amak ezin gintuenez zaindu, beste anai arrebei, gizarte sorospenean ematen ziguten jaten, bazkaria eta afaria.
Hamahiru urterekin hasi nintzen Palmeran lanean. 14 urte behar ziren lan egiteko. Aurretik nire amak ezin gintuenez zaindu, nire bi arreba gazteenak, bata, ni baino bi urte gazteagoa, eta bestea, hiru urtekoa, ospitaleko babes etxean sartu zituzten, eta hor izan ziren 14 urte bete arte.
Irungo Udalak duela 80 urte izandako sutearengandik ihes egin behar izan zituztenak omendu ditu. Zer iruditu zaizu.
Sutearengatik? Bai zera! Erreketeen balen beldurrarengatik, ez, izuarengatik izan zen. Jendea hortik ihesi atera zen.
Iruñeko Udalak, berriz, Mola eta Sanjurjoren hilobiak ateratzeko asmoa agertu du.
Oraindik horrelakoak egotea zitalkeria bat da. Gaizkia, oraindik indarrean dago, baina espero dut zuek noizbait aldaketa ikustea. 36ko zitalkeriaren gainean sortutako interesak dira. Horien oinordekoak ari dira etekina ateratzen, egun guztiaren agintea daukatenak. Zertarako irabazi zuten gerra? Boterea guri emateko? Herriari? Ezkerrari? Gerra irabazi zuten euren politikak egiteko. Adibidez, Rajoy. Ordezkaezina dela pentsatzen du, azkeneraino jarraitu nahi du, eta haratago. Ez dira demokraziaren 40 urte igaro, faxismoak jarraitzen du, eta 80 urte daramatzagu horrela, berdin, garaile berberekin. Orduan irabazi zutenak etekina ateratzen ari dira, eta beraiek programatutako politikak aurrera eramaten ari dira
per secula seculorum.
Demokrazia dela esan arren, gaur egun herentzia hori mantentzen dela uste duzu, beraz.
Gaur egungo ezkerreko politikari hauek, domestikatuta daude, eta herriarekiko traidoreak dira. Herriak erabaki behar du zein gobernu mota nahi duen, baina herriaren mesedetan beti, ez alderdi politikoen mesedetan. Herria, normalean, ezkerrekoa da.
Aldaketarik gertatuko dela uste duzu?
Bizigarri berrian dut itxaropena. Nik ez dut ikusiko, baina itxaropena dut bizigarri berrian, eta ez orain esaten zaien baroi horietan, egon litezkeen traidore handienak direlako.
Nork bultzatuko du aldaketa hori?
Gazteak, zuek bultzatu behar duzue, eta herriak erabaki dezala zeintzuk izan behar diren aldaketa horren protagonistak, baina, horretarako, borrokatu egin behar da.
Zail dago hori, ordea.
Beti izan da zaila; guretzat zailagoa izan da. Hortaz aparte, ezjakintasun handia dago, kulturagabetasun politiko handia dago. Jendeak ez daki bereizten zeintzuk diren batzuk eta zein besteak. Horrez gain, faxismoari buruz ari garela, faxismoa aseezina da. Kapitalismoa faxismoa da, eta kapitalismoa aseezina da, eta beti gehiago eskatuko dizu, beti-beti atera nahiko du etekina, ez dezatela ezer espero beragandik. Zerbaitetan amore ematen badu, herriaren presioarengatik izango da, bestela, ezta inoiz ere.
Politikan sartuta egon zara?
Inoiz. Beti argi izan dut zeintzuk diren batzuk eta zeintzuk besteak, eta zeintzuk diren guztiaren errudunak, eta hori ez da ez ahazten ezta barkatzen ere.