Irunen zehar ibiltzeko beste moduak bultzatuko dituzte aste osoan zehar udaletik, eta hainbat ekintza antolatu dituzte.
Mugikortasun iraunkorraren astean murgilduko da Irun. Ohi bezala, autoa etxean utzi, eta Irunen zehar ibiltzeko beste moduak bultzatuko dituzte udaletik. Oinez, bizikletan edo garraio publikoan mugitzea, alegia. Horretarako, hainbat ekintza antolatu dituzte aste osorako.
Hiria mugikortasun iraunkorraren gaiaz jantziko dute gaurtik, baina ekintza gehienak asteburura begira egingo dituzte. Aurtengo berritasun nagusia Igande Sasoirekin batera, Kirolaren Festa egingo dutela da. Larunbatean, berriz, Merca2dasoa eta mugikortasun iraunkorreko ibilgailuen erakusketa izango dira, Zabaltza plazan eta Colon pasealekuan, hurrenez hurren.
Bestalde, bi kirol ekintza antolatu dituzte: larunbatean, Gaueko Lasterketa eta igandean, bizikleta martxa. Lehenengoari dagokionez, 6,23 kilometrokoa izango da, eta 20:00etan abiatuko da San Juan plazatik. Bigarrenak, berriz, 6,5 kilometro izango ditu, eta 10:30ean abiatuko da Zabaltza plazatik.
Eskolara Oinez
Mugikortasun astea urtean zehar egiten dituzten ekintzen berri emateko baliatuko du udalak. Hala, ostegunean Eskolara Oinez ekimenean parte hartuko dute Eguzkitza ikastetxeko ikasleek eta Jose Antonio Santano alkateak. Proiektu horrek haurrak hirian integratzea helburu du, eta Eguzkitza ikastetxearekin ari dira lanean. Hiru bide seinaleztatzen ari dira.
Ostegun honetan eta hurrengoan ere (hilak 22) Tipi-Tapa programan parte hartzeko aukera izango da. Helduenei zuzenduta dago, eta taldean txangoak egiten dituzte. 10:00etan abiatuko da bi egunetan, Luis Mariano Helduen Gizarte Zentrotik.
Bizikleta gaineko abilezia proba bat