Alardearen bezpera, ekitaldi irmoz beteriko eguna izaten da, baina bada bestelako ekitaldirik ere.
Alardearen bezperako eguna ekitaldi irmoz beteriko eguna izaten da, goizetik hasita. Ofizialki gaur hasiko dira festak, duela urte gutxi arte hilaren 7an hasten zirelako eta ekitaldi horiek egitarauan mantendu dituztelako. Hala, 12:00etan botako dute jaien hasierako suziria eta kanpai-hotsak entzunda jakingo dute hondarribiarrek gaur ere hasi direla jaiak. Bitartean, txistulariak kalez-kale ariko dira
Titi-biliti doinua joaz, eta Haurren Danborradak bere ohiko ibilbidea egingo du, Amutetik hasi eta Porturaino.
Gaurko ekitaldi nagusiak serio samarrak dira, baina hunkigarriak edonola ere: Eguerdian, Urrezko intsigniaren banaketa udaletxean (aurten Lurdes Zubeldiak eta Mercedes Iridoyk jasoko dute), eta arratsean
Te Deum eta
Salbea, deskargak, zinegotzien aurreskua, eta aginte makilaren ematea.
Arratsaldeko elizkizuna bitarteak, deskargak botako dituzte tenpluaren kanpoaldean
Baina izango da neurrigabekerientzako tarterik ere, Danborradak egingo duen ibilbidean zehar. Dagoeneko baten bat hasi da baldeak betetzen, “ura, ura!” eske joaten zaienei balkoitik behera botatzeko.
Bestela, egitarau ofizialean ageri ez diren bi ekitaldi daude gaurko antolatuta. 17:00etan, Josu Zabala irundar gaztearen aldeko ekitaldia egingo da, Guardia Zibilak hil zuela 40 urte beteko direnean. Irailaren 8an hil zuten Zabala, eta orain arte Alarde Egunean egin izan zaio omenaldia, baina aurten Zabala Gogoan lan taldea eratu dute eta,
atzora arte Itsas Etxean egon den erakusketa prestatzeaz gain, hilaren 7ra mugitu du omenaldia, Alardearen zurrunbiloarekin indarra gal ez dezan.
Eta azken orduko ekitaldi bat ere aipatu behar da, hori ere ez baita egitarauan ageri. Sacco talde irundarraren kontzertua izango da Bentan, txosnen eremuan, 21:00etan. Lisäbo eta Izaera taldeen jarraitzaileek gozatuko dute, baita edozein rock zalek ere.
Hondarribiko Jaiak. Hilak 7, asteazkena
09:30. GOSARI HERRIKOIA ETA TOKA TXAPELKETA Bentan. Gazte Xaiak antolatuta.
11:15. HAURREN DANBORRADA. Mendelu Auzotik abiatuko da eta Amute-Kosta eta Santa
Engraziatik igaro ondoren, hiriguneko kaleetan amaituko du bere ibilaldia.
12:00. Suziri eta kanpai-hotsez HIRIKO JAIEI HASIERA OFIZIALA emango zaie. Bitartean Txistulariak hiriko kaleetan ibiliko dira 1.638ko hiri-setiatze oroigarri hartako TITI-BILITI doinua joaz.
12:15. ERRALDOIAK ETA BURUHANDIAK, Danborrarekin batera, Arma Plazatik abiatu eta kalez kale ibiliko dira.
12:30. Lurdes Zubeldia Garañori eta Mercedes Iridoy Olascoagari HIRIKO URREZKO INTSIGNIA jartzea.
17:00. JOSU ZABALARI OMENALDIA, Guardia Zibilak erail zueneko 40. urteurrenean. San Pedro kalean, Txantxangorri tabernaren ondoan.
18:30. Hondarribiko Hiria Musika Banda kalez kale ibiliko da TITI-BILITI joaz.
20:00. TE DEUM ETA SALBEA Jasokunde eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Eliza Nagusian. Udal Agintariak bertan direla, Parrokiako Abesbatzak Eslavaren SALBEA abestuko du.
Elizkizuna bitartean ohiko deskargak egingo dira.
Elizkizuna amaitzean udalbatzak AURRESKUA dantzatuko dute Arma Plazan hondarribiar guztien omenez.
Ondoren, DANBORRADAREN kalejira Hiriaren barrena.
20:00. Guadalupeko Elizan SALBE herrikoia kantatuko da. Ondoren, ohiko deskargak egingo dira.
21:00. SACCO taldearen kontzertua, Bentan.