Zabala Gogoan lan taldeak antolatuta, omenaldia egin diote 1976an Guardia Zibilak hil zuen Josu Zabala irundarrari. Familiak zirkulua ixteko aukera izan du.
Josu Zabalaren senideak, Mercedes Iridoy alkatesarekin, Zabalaren Txokoan
Hori da gaur egin dutena, zirkulua itxi. Zabala Gogoan lan taldeak hilabeteak eman ditu Josu Zabala gazte irundarra hil zuteneko 40. urteurrena prestatzen. Artxibotan arakatu, testigantzak jaso, senideekin bildu, materialaren bila abiatu, bideoa grabatu…
Pilatutako guztiarekin galbahea egin eta
Josu Zabala Oroimenean goiburuko erakusketa prestatu zuten, hilaren 1etik atzora arte Itsas Etxean bisitatzeko aukera izan dena. Arrakasta itzela izan du eta
jende asko ikusi gabe geratu da. Ziurrenik izango du gerora aukera, antolatzaileek hainbat eskaera jaso baitituzte erakusketa Hondarribitik kanpora mugitzeko. Ez legoke gaizki, hemengoek aste honetan aukera izan duten bezala, 1976ko irailaren 8ko arratsaldean Hondarribian gertatu zena herritik kanpora ere ezagutu dezaten.
Erakusketa atzo itxita, gaur arratsalderako omenaldi berezia antolatua zuen Zabala Gogoan lan taldeak dute Txantxangorri tabernaren ondoan, Guardia Zibilak gaztea erail zuen lekuan bertan. Urtero egiten zaio hilaren 8an, egun horretan hil baitzuten. Baina aurten, 40 urteurrena izanik, bezperara aurreratu dute, Alardearen zurrunbilotik aldentzeko, modu egokian egin ahal izateko.
Horregatik desberdina izan da gaurkoa, lasaiagoa, handiagoa, txukunagoa, eta berezia. Besteak beste, berezia izan da lehen aldiz Hondarribiko Udaleko alderdi guztien presentzia izan delako; berezia, bertan izan delako Mercedes Iridoy, 1976ko alkatesa zena eta Zabalaren erailketaren ondoren dimisioa eman zuena; berezia, bere garaian Lesakako lankideek jarritako plaka, norbaitek kenduta, berriro bere tokian jarri dutelako; berezia, 20. urteurrenean egin zuen bezala, Alfonso Sastrek esaldi batzuk idatzi dituelako —Juanek, semeak irakurri ditu—; berezia, gaztea hil zuten txokoan irailaren 8ro lore sorta jarri izan duen pertsona nor den jakin izan delako, gaur ere hurbildu baita
Maxuxa Larrarte Zabalaren Txokora loreak eskutan zituela.
Jende asko hurbildu da gaurko ekitaldira, horien artean Zabalaren zerraldoari egin zioten argazki bakarraren egile anonimoa… Jendetza bildu da San Pedro kalean Josu Zabala omendu eta haren familiari besarkada emateko, hondarribiarrek duela 40 urte gertaturikoa ahazten ez dutela jakinda atseden har dezaten. Lau hamarkada luzatu den zirkulua itxi dute gaur Zabalaren Txokoan, duela 40 urte Guardia Zibilak 24 urteko gazte bat hil zuen tokian.